Feminismoa, aukera berdintasuna eta ahalduntzea
Urola Garaiko III. Berdintasun Plana aurkeztu dute Igartubeiti Museoan egindako ekitaldi instituzionalean. Datozen sei urteetarako lan ildoak zehaztu dituzte.
Urola Garaiko III. Berdintasun Planaren aurkezpen instituzionala egin dute Igartubeiti Baserri Museoan. Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun Arloak garatu du plana, eskualdeko intituzio, eragile eta emakume ezberdinekin elkarlanean. Bigarren plana 2019an egin zuten, eta horren ebaluazioa egin ondoren, beste baten beharra zegoela ohartuta 2020ko urrian jarri zuten martxan hirugarrena egiteko prozesua, diagnostikoarekin hasita.
Mankomunitateak planaren laburpen txostenean azaldu duenez, diagnostikoan ondorioztatu zuten «Berdintasun Politiken garapena bermatzeko tokiko eta eskualde mailako konpromiso politiko zein teknikoa finkatzen jarraitzeko» eta 2019an sortutako Urola Garaiko Emakumeen Etxea erreferentzia izateko lanean jarraitzeko «beharra» dagoela. Berdintasun Arloak eskualdeko mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlanean jarraitzea ezinbestekotzat jo du.
Planaren ildo nagusiak
Berdintasunarekiko sentsibilizazioa lantzea eta haur eta nerabeekin martxan jarritako programekin jarraitzea ere adostu dute diagnostikoarekin. Ateratako ondorioak kontuan hartuta, sei urteetarako plana osatu dute, 2026 urtera arte baliagarria izan daitekeena. Martxoaren 7an onartu zuen Mankomunitateko batzar orokorrak, eta apirilaren 1ean herritarren aurrean aurkeztu zuen. Zazpi printzipiotan oinarritu dute III. Berdintasun Plana: feminismoak gidatzen du prozesua, aukera-berdintasuna, intersekzionalitatea desberdintasunei heltzeko ikuspegi gisa, genero-ikuspegia, emakumeen ahalduntzea, ezberdintasunak murriztea eta giza garapen iraunkorra.
Mugimendu feminista eta emakume taldeen eta instituzioen arteko elkarlanerako agenda eraikitzea, Emakumeen Etxearen erreferentzialtasuna lantzea, prebentzio-programak sustatzea, zaintza lanak aitortzea eta indarkeria jasan duten emakumeei arreta ematea dira planaren erronketako batzuk.
Urola Garaiko ordezkariak
Aurkezpen instituzionalean izan dira Koldobike Olabide Legazpiko alkatea, Jon Luki Urretxuko alkatea, Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkatea, Urola Garaiko udaletako zein Mankomunitateko beste hainbat ordezkari eta Beatriz Altolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.
Esku hartze ardatzak
1. Berdintasunerako Gobernantza. Udalek eta Mankomunitateak garatuko dute.
2. Emakumeen ahalduntzea. Berdintasuna eraikitzeko emakumeen ahalduntzea oinarri.
3. Zaintza-lanen ekonomia feminista. Zaintzaren ikusgarritasunean, balioan eta erantzukizunean sakontzea.
4. Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea. Botere eredu berriak eraikitzea.
5. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Errotuta dagoen arazoa da, edozein eremu publiko zein pribatuan ematen dena.