Naturarekiko jakintza, galdu ez den ondare baliotsua, Zaldibian hitzaldian
Eñaut Agirrek filologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak 'Euskara eta natura txirikordatuz' hitzaldia egingo dute, ostegunean, Zaldibian. 'Gure faunari eta florari begira' libururako jasotakoak eta Goierrin bildutako testigantza gehiago azalduko dituzte.
Gauza nabaria da naturarekiko ezagutza murrizten ari dela, gizarte geroz eta hiritartuagoan. Baina ez da desagertu, ezta hurrik ere. Pertsonen eta naturaren arteko harremanak batzuengan oso bizirik segitzen du, eta jakintza ondare hori biltzeko ahalegina egin zuten, iaz, Lazkaomendin bizi den Eñaut Agirre filologo naturazaleak eta Iñaki Sanz-Azkue biologo euskarazaleak, hernaniarrak biak.
Gure faunari eta florari begira liburuan aurkeztu zuten ondare etnologiko, linguistiko eta antropologo eskerga hori (Elkar dendetan salgai). Bihar, osteguna (maiatzak 19), Zaldibiako Karreane kultur etxean jorratuko dituzte hango balioak, 18:30ean hasiko duten hitzaldian.
“Akatsa litzateke naturarekiko jakintza galdu dela esatea –aitortu du Agirrek–. Batzuek galdu dute, gehiengoak agian, baina erabat ez da galdu. Bestela ez genukeen bilduko. Ardura eduki duen jende batek transmititu du, eta guk belaunaldi oso gazteak ere aurkitu ditugu jakintza asko gorde dutenak. Badago jakintza, eta gure esku dago hori gure seme-alabei kontatzen segitzea. Horretarako bildu dugu jakintza hori”.
Hernanin eta inguruko bailaretan, etxez etxe landa lan erraldoia eginda jaso dute informazioa. “Landa landa, erabatekoa. Etxetara joan, galdetu… Dena sare bat dela konturatu gara eta ezaguera integrala da. Txoriez galdezka hasi, eta esango dizu hark zer anfibio jaten dituen, zer landaretan gordetzen den… Dena lotuta dago”, gehitu du Agirrek.
Eremu filologiko-etnologikotik harago ere, aurkikuntza baliotsuak egin dituzte biologiaren eta zoologiaren esparrurako ere. “Adibidez, esan digute txinbo kaskabeltzak zabaltzen duela mihura. Edo igaraba Urumea ibaira itzuli berri dela notizia den honetan, noiz galdu zen jaso dugu, zehazki zein urtetan ikusi zuten azkena gogoan baitu jendeak. Pirinioetako animalia espezie bat Ereñotzun bazela, bere hedadura uste baino zabalagoa dela erakusten duena…”.
Bai edukiagatik, bai antzeko lan bat beste herri edo bailara batean aplika daitekeela erakustegatik, interes orokorragoa du lanak, lan-eremukoa baino askoz unibertsalagoa. “Hernani inguruan zentratu gara. Herri bat hartu dugu, edo bailara bat, eta han ahal den testigantza gehiena lortzera joan gara. Hernaniko eta Ereñotzuko begiekin egina dago liburua, hango testigantzak daude, eta Hernaniko izenetatik abiatuta. Batez ere harako egin nahi genuen, baina Euskal Herri osorako da interesgarria. Saiatu gara beste idazleek, euskal idazleek idatzitakoa ekartzen ere, bertako testigantzez gain”.
Lehenengo atala
Iazko urrian argitaratu zuten Gure faunari eta florari begira liburua. Espezieen informazio zientifikoaz beste argitalpen batzuk badaudela eta, ondare edo balio immaterialari erreparatu diote gehiago. “Natura eta hizkuntza gaiaren bueltan oso gutxi ikertu izan da. Natura eta euskara, oraindik gutxiago. Momentu honetan, gero eta gehiago ikertzen ari da, bai mundu mailan, bai Euskal Herrian, gero eta gehiago interesatzen zaigulako. Galera batekin lotuta dago interes hori, noski, zuzenean. Zerbait arriskuan ikusten dugunean hasten gara gauzak biltzen”.
Herri jakintza da ardatza. Natura espezieen fitxak daude liburuan, baina txorien gida batean, adibidez, ez da aurkituko bertan dagoen ingormazioa. “Jendeak txori horiei buruz zer esaten duen dago liburu honetan. Etxez etxe kontatu izan dena, sortu diren sinismenak, jakintzak… Horrek balio berezia ematen dio liburuari”.
Bi liburuko saileko lehenengoa da. Bospasei animalia-familiari buruzkoa da: ornodunak, arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak edo hegaztiak, eta ugaztunak. Intsektuak eta landareak hurrengo lanerako lantzen ari dira.
Zaldibiako hitzaldian, liburuaren aurkezpen “hutsetik” harago, lekua egingo diote “liburuak daukan balio handienari”: “Badago pertsonen eta naturaren artean harreman bat, lekuan lekukoa izaten dena. Gure kasuan, euskararen eta naturaren harremana dago, eta horren balio handienak zein diren azalduko ditugu”.