Gabiriako lurrean da Jesus Izagirre gudaria
Igandean utzi zituen udalak hezurkiak familiaren esku. 85 urte lehenago hil zuten, Bizkargi mendian, 1937an. Unidad Alavesak kantu bat egin du, hildako gudarien omenez. Bakea hartuta, hunkituta eta prozesua burutu izanarekin pozik agertu dira familiakoak.
Jesus Izagirre Artsuaga gudari gabiriarraren hezurkiei igandean egin zien harrera Gabiriako herriak. Eguerdian, plaza eguzkitsuan, udalak Izagirreren familiakoen esku utzi zituen aztarnak. Keinu sinboliko horrek esanahi sakona izan zuen gabiriar askoz gehiagorentzat, plazan bertan baitziren 1936ko Gerran sendikoa hil eta harrezkero haren berririk gehiago izan duten herritarrak ere.
Bi bertsorekin hasi zen ekitaldia. “Hartu dezagun Jexux / harro ta beteta. / berandu izan arren / egin baitu buelta, /
guztiek ezin dute /hori esan eta” bukatu zuen lehenengoa Endika Igartzabalek. “Herrira dakartzagu / merezi bezala. / Jexux, etxeko lurrak / goxo har zaitzala”, errematatu zuen bigarrena Aratz Igartzabalek. Izan ere, herriko lurrak hartu du dagoeneko gudaria. 1937ko maiatzaren 15ean hil zuten, Bizkargiko batailetan, Amaiur batailoian borrokan ari zela. 85 urte geroago, 2022ko maiatzaren 15ean, egin ahal diote herrian harrera eta azken agurra.
Hezurkiak aurkitzeko, identifikatzeko eta herriratzeko prozesuaren berri eman zuen Iñigo Santxo abokatuak. Memoriaren euskal lege baten beharra aldarrikatu zuen, baina oroimen historikoaren lanketa eta transmisioaren garrantzia ere. Familiaren izenean, Arantzazu Baztarrikak, eskerrak emateaz gain, Jesus Izagirreren hezurrak berreskuratu ahal izateko haren arreba Maria Izagirrek izan zuen balioa goraipatu zuen: “Errotako alaba batetik beste batera –Igeribarrerrota baserrikoak dira–, izeba Maria gogoratu nahiko nuke. Ez zen izango emakume perfektua, baina berari esker daude hezurrak hemen, berari esker gaude gu hemen, berak egin zituen gestioak bere anaia hobi hartatik atera eta familia lagun batenean sartzeko”.
Hori esanez bat, Bilboko Aspiuntza familiako Roberto Bertol deitu, eta lore sorta bat oparitu zion; hunkituta jaso zuen hark. Familia haren hilobian egon dira Izagirre gudariaren gorpuzkiak 1946ko lekualdaketatik 2021eko irailean Arantzadi zientzia elkartekoek atera zituzten arte. Gainontzean, beste gudari batzuei gertatu zitzaien bezala, hezurtegi komunera jaurtita eta aztarna erabat desagertuta zegokeen.
Izagirre familiako kide ugari bildu ziren euren osabaren hezurkiak hartzeko. Bazkaria egin zuten gero, 48 lagun bilduta. Kurioski, Amaiur batailoian borrokatu ziren gabiriarren kopuru berbera. Plazan, ohorezko lekuan kokatu zituzten ilobak. Hitzartzeekin bukatzeko, Oier Oiarbide alkateak esker onak saihestu, eta udalarentzat betebeharra zela ahaleginean laguntzea argitu zuen: “Udalarekiko eskerrak ez dira mereziak. Ez zeukan ezetz esaterik. Herritar bat herritik faltatu izan da, eskubidea denok behar genuke itzultzeko. Joan beharrik ere ez zuen zertan eduki behar. Orduan, udalak laguntzea derrigorrezkoa da. Eskerrak eman behar zaizkiona hemen, 85 urtean hor eduki duen familia horri [Aspiuntza sendia] da. Eta Iñigo Santxori, egin duen lana ikaragarria izan delako”.
Bi dantzarik ohorezko Agurra dantzatu zioten hezurkiak zeuden kaxari. Ikurrinarekin estalitako mahaitxo batean kokatu zuten, udaletxe aurrean.
Ekitaldia amaitzeko, Unidad Alavesa musika talde ataundarrak Gabiriako seiak kantua estreinatu zuen, jendaurrean lehenbiziko aldiz jota. Aritz Artola, Gurutz Bikuña eta Eneko Dorronsoro musikariek interpretatu zuten, gitarraz, trikitiz eta kantuz. Beste bi pieza jota borobildu zuten Izagirreren herriratzearen ekitaldia.
Gabiriako seiak abestia (Unidad Alavesa)
Goierri sakonetik mendebaldeko fronteraino
Heriotza seguru baten atea ostikoz joka.
Handik ehun urtetara, ignominiak jarraitzeko,
Demokrazia liberalaren detritus azpian.Asko dira behin desagertu ta gero
Urtez urte txikiagotuz doan gure mapan
Memoria ezabatu eta birmoldatuan
“Denok gera berdin” interpretatzeko.Gabiriko sei arima, beste mundutik hona beida
Gogora institutua sutan nola kiskaltzen den ikusiz.
Saltaparapetosaren beroa sentituaz azkenez
Guda dantza bakarti honetan.Asko dira behin desagertu ta gero
Urtez urte txikiagotuz doan gure mapan
Memoria ezabatu ta birmoldatuan
“Denok gera berdin” interpretatzeko.Hau da lege berria, berehala gure memorian
Hau da bide berria, zure miserian.Asko dira behin desagertu ta gero
Urtez urte txikiagotuz doan gure mapan
Memoria ezabatu ta birmoldatuan
“Denok gera berdin” interpretatzeko.