Itxaronaldia amaitu da
Loinatz Jaietako egitaraua aurkeztu dute. Tradizioari eutsi eta berritasunak txertatu dituzte. "Gizalegez" jokatzeko eskatu dute
Loinatz Jaiak bueltan dira. Amaitu dira festa grina itotzeko parranda klandestinoak, eta disimulorik gabe ondo pasatzeko garaia da. Horretarako egitarau “aberatsa” antolatu du Beasaingo Udalak Jai Batzordearekin batera, Leire Artola alkatearen hitzetan. Tradiziori eutsi diotela azaldu du, baina berritasunak ere txertatu dituztela esan du.
Hiru nobedade bereizi ditu Amaia Gomez kultura teknikariak. Haurren danborrada arratsaldera mugitu dute eta helduenarekin bat egingo du: San Martin plazan elkartuko dira, batzuk amaitzeko eta besteak, hasteko. Hiru pieza elkarrekin joko dituzte. Tartean, Pello Irizar musikaria omenduko dute. Gainera, zuzeneko musika eta ibilbide berria izango dituzte.
Musika eskaintza "indartu" egin dute. Igandean, musika ikuskizunen pokerra izango da, alde batetik: Rockalean taldeak bi bider joko du, erdigunean eta Igartza inguruan; tartean, su-festa musikatua izango da; eta 23:30etatik aurrera, Erabatera taldearen kontzertua. Gatibuko Gaizka Salazarrek eta Mikel Caballerok, Ken Zazpiko Beñat Sernak eta Willis Drummondeko Jurgi Ekizak osatzen dute taldea; Kuadrilla eguneko Bideluzeko ohiko kontzertuari Erauskin plazan alternatiba sortu diote, beste aldetik. Bideluzen Gabezin taldeak joko du eta Erauskinen, Cafe Irlandesek. Estilo ezberdinetako musika izango da hala, aukeran; eta Mozorro Egunean emakumezkoek hartuko dute oholtza. Erauskinen The Spolen Girls eta Bideluzen Amak taldeak arituko dira. Biak ala biak emakumezkoez osatuta daude soilik.
Erraldoiak eta buruhandiak ere inoiz baino gehiago irtengo dira. Bost bider, zehazki. Gomezek aipatu du haurrek eskatuta hartu dutela erabakia. Gainera, buruhandiak apaindu egin dituzte pandemia garaian: konpondu, margotu... Hauspoa ez diete berritu, aurten ez dutelako korrikarik egingo. Oinez ibiliko dira, eta jo egin beharrean goxokiak banatuko dituzte.
Giro "jatorra"
Alkateak bi bider eskatu die herritarrei loinatzak "gizalegez" pasatzeko. "Bi urte luze festarik gabe igaro izanak ez dezala neurrigabeko jokaerarik eragin. Jaien ostekoa ospatzeko modukoa izan dadila. Horregatik, ez dezagun ahaztu, jaiak borobiltzeko ezinbestekoa dela dugunarekiko eta elkarrenganako errespetua eta jokabide zuzena izatea. Bizikidetzaren alde egin dezagun giro jatorrean".
Sentsibilizazio kanpainak gogoratu ditu: drogen arriskuak gutxitzeko informazio gunea izango da, botilTZAR edo botilTXAR kanpainari eutsi diote eta Zaldizurreta kalean puntu morea jarriko dute. Maiatzaren 28an, 30ean eta ekainaren 4an egongo da, iluntzeetan. Whatsapp zerbitzua izango dute –688 768 608–. Sateviko –900 84 01 11–, Gizarte Ongizateko –943 02 80 75– eta Udaltzaingoko –943 02 80 80– telefonoak ere erabilgarri daude. Beasaingo udaltzainek 24 orduz egingo dute lan.
Artolak Udaleko Zerbitzuetako langileentzat ere esker oneko hitzak izan ditu, festa egunetan lan asko izaten dutelako. Halaber, Jai Batzordeko kideen lana ere eskertu du, "azken finean, denengatik eta denontzako ditugulako Loinatz Jaiak".