Goierritarrak Bigarren Mundu Gerran, historia ezezaguna argira Etxahun Galparsororen bidez
Lazkaoko Beneditarren Artxiboko historialari eta teknikariak 'Hego euskal herritarrak nazien kontzentrazio zelaietan (1940-1945)' hitzaldia egingo du, Lazkaoko kultur etxean, maiatzaren 25ean. Hainbat goierritarrek jasan zuten mundu gerra, soldadu, deportatu edo biktima modura. Oso gutxi ikertu den arloa jorratzen ari da Galparsoro.
Oso bestelako historiografia dauka Bigarren Mundu Gerrak Euskal Herriaren ipar eta hego administrazioetan. Arrazoi asko tarteko, Hego Euskal Herrian eta, horrenbeste, Goierrin, ia ez da landu izan gerra horretan jardun zutenen historiarik. Eta ez da izan ez zirelako. Ipar Euskal Herrian baino nabarmen gutxiago, bistan denez, baina hego euskal herritarrek ere parte hartu zuten nazismoaren aurkako europar borrokan. Eremu hori ikertzen ari da aspalditik Etxahun Galparsoro historialaria, Lazkaoko Beneditarren Artxiboko teknikaria ere badena.
Lazkaon emango ditu aditzera, datorren asteazkenean, maiatzak 25, orain arte aurkitu dituen informazioak. Tartean, goierritar askoren berri emango du. Hego euskal herritarrak nazien kontzentrazio zelaietan (1940-1945) hitzaldia Lazkaoko kultur etxean izango da, 18:00etan hasita. Sarrera doan da. Oso ezezagunak diren eta orain arte gordean egon diren datuak aterako ditu.
Gaiarekiko interesa familiatik ere badatorkio Galparsorori. Haren osaba baten bizipenetan oinarrituta, Bilbao en Mauthausen: Memorias de supervivencia de un deportado vasco” liburua argitaratu zuen 2020an (Critica argitaletxea). Urte berean, Gogora institutuarentzat “Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945)” txostena ere egin zuen. Gaur egun, Bigarren Mundu Gerran nazien Alemaniako kontzentrazio eremuetara deportatu zituzten euskal herritarren inguruan doktoretza tesia prestatzen ari da. Historian lizentziaduna da (EHU, 2003), eta kultur kudeaketan masterra (Universitat de Barcelona, 2005). Lazkaoko Beneditarren Fundazioan 2005etik ari da lanean.
Asteazkenean Lazkaon mintzagai izango duen gaiaz, pertsona-izen, biografia eta testigantza zenbait lortu ditu, ikerketa lanean. Horietako zenbait, goierritarrei dagozkienak, Goierriko Hitza-ri aurreratu dizkio.
(Egilea: Etxahun Galparsoro)
Nazien kontzentrazio zelaietara deportatuak:
- Jose Silvestre Telleria Rodriguez (1905, Urretxu). Itsas marinela ogibidez, gerra zibilean Eusko Gudarostearen Irrati Zerbitzuan jardun zuen. 1939an, gerra amaitutakoan, Frantzian errefuxiatu zen eta Gurs-eko zelaian eduki zuten. Bigarren Mundu Gudaren hasierarekin batera frantziar gudarostean izen eman zuen. 1940ko ekainean, alemaniarrek Frantziari eraso ziotenean, preso hartu zuten. Behin-behinean atxiloturik egon zen, 1941eko abuztuaren 8an Mauthausenera deportatu zuten arte. Urte bereko urriaren 20an Gusen-go azpi-esparrura eraman zuten Teofilo Leonekin eta Nemesio Perezekin batera. Han hil zen 1942ko urtarrilaren 22an.
- Teofilo Leon Marcos (1915, Beasain). Metalurgialaria ogibidez, UGTko kidea. Gerra garaian Eusko Gudarostearen Artilleria Arineko 3 batailoian borrokatu zen, preso hartu zuten arte. Altxatuek berriro borrokara bidali zuten eta 1938ko urtarrilean Errepublikaren aldeko bandora pasatzea lortu zuen. Alpino batailoian borrokatu zen ondoren. 1939an Frantziara erbesteratu zen eta Argelès-sur-Mer zein Gurs-eko zelaietan egon zen. 1940ko ekainean, alemaniarrek Frantziaren aurka ekin ziotenean, preso hartu zuten. 1941eko urtarrilean deportatu zuten Mauthausenera. Urte bereko urriaren 20an Gusen-go azpi-esparrura eraman zuten Jose Silvestre Telleriarekin eta Nemesio Perezekin batera. Urte bereko abenduaren 20an hil zuten.
- Nemesio Perez Markina (1904, Bilbo). Mekanikaria, PCEko eta UGTko kidea. Bizileku egonkorra Bilboko Artekalen bazuen ere, Zumarragan bizi izan zen bolada batez. Gerra garaian Karl Liebknech batailoian ibili zen gudari, zauritu zuten arte. Ipar frontea desagertutakoan Kataluniara pasa zen, karabinari gisara jardun zuelarik 179. Brigadan. 1939an, erbesteratutakoan, Vernet d’Ariege eta Gurs zelaietan egon zen. Bigarren Mundu Gerra hastearekin batera, frantziar Atzerriko Legioan izena eman zuen eta preso hartu zuten. Behin-behineko atxiloaldiaren ondoren Mauthausenera eraman zuten, 1941eko uztailaren 23an. Urte bereko urriaren 20an Gusen-go azpi-esparrura eraman zuten Jose Silvestre Telleriarekin eta Teofilo Leónekin batera. Pare bat aste geroago, azaroaren 6an, hil zuten.
- Felix Manrique Valdivielso (1896, Bilbo). Elektrikaria eta papergilea, PCEko eta UGTko kidea zen hasiera batean. Legazpira bizi izatera etorri eta Izquierda Republicanako kide egin zen; idazkari izendatu zuten. Gerra garaian Fermin Galan batailoian egin zuen borroka, 1937ko apirilaren 3an Otxandion zauritu zuten arte. 1937an Kataluniara joatea lortu zuen. 1939ko erbestealdiaren ondorioz Argelès-sur-Mer eta Gurs-eko zelaietan egon zen. Bigarren Mundu Gerra hasitakoan, frantziar armadarentzat langile aritu zen. Naziek 1944ko uztailan atxilotu zuten Tolosan (Okzitania), eta abuztuan Buchenwaldera deportatu zuten. Bizirik irten zen.
Bigarren Mundu Gerran borrokan hilak:
- Luis Muñoz Arenas (1916, Beasain). Gerra garaian Beasaindik ihes egindakoa, Bigarren Mundu Guda hastean Frantziako Armadan izen eman zuen. 1940ko ekainean alemaniarrek Frantzia konkistatu nahi izan zutenean hil zuten, borrokan.
- Federico de los Placeres Astaburuaga (1908, Zumarraga). Metalurgialaria ogibidez, UGTko kidea. Gerra garaian Karl Marx batailoian borrokatu zen. Frantziara erbesteratu eta Bigarren Mundu Gerra hasitakoan Atzerriko Legioan izen eman zuen. 1945eko azkeneko egunetan hil zen Algerian, gerrako zaurien ondorioz.
- Felix Maximiano Tajada Lapera (1921, Lazkao?). Bigarren Mundu Gudan frantziar armadan eman zuen izena. 1943ko urtarrilaren 22an hil zuten, Tunisian, borrokan ari zela.
Beste kasu batzuk:
- Luciano Zabala Galparsoro (1918, Beasain). Bigarren Mundu Gudan langile gisa eraman zuten Berlinera. Beharturik edo borondatez joan zen argitu gabe badago ere, pentsatzekoa da baldintza oso krudeletan jardun behar izan zuela.