Jubilatuen egunari bi antzerki eta hitzaldia batuko zaizkio Gabirian
Udaberri Kulturalaren barruan, bi antzerki emanaldi egingo dituzte asteburuan. Erroten Eguna eta jubilatuen bazkaria ere izango dira.
Udaberri Kulturaleko beste asteburu bete bat hasiko da gaur, Gabirian. Igandeko Jubilatu Eguna da ospakizun nabarmen bat, pandemiaren ondoren atzera ospatuko dena. Bazkaria Korta jatetxean egingo dute, eta 30 lagun daude izena emanda. Emakume eta gizonezko zaharrenari oroigarri bana oparituko die udalak, eta bertsolariek ere kantatuko dute bazkal ondoren.
Antzerki asteburua ere izango da, bi emanaldi egingo baitituzte, elizako saloian. Bihar, larunbata, 17:30ean, haurrentzat Niararen bidaia antzezlana egingo du Patata Tropikala taldeak. Antzerkia, txotxongiloak eta itzal antzerkia uztartzen dituzte, eta naturak klima aldaketan duen paperaz ohartarazten du. Bigarren lana, helduentzako Bete eingoiau, igandean 18:00etan da. Goizeder Iturain eta Esti Curiel dira aktoreak.
Erroten eguna, bihar
Gipuzkoako Erroten Egunarekin bat eginik, Gabirian bihar 10:00etan hasiko da ibilaldia, Kortako aparkalekutik. Iban Maiz antropologoak gidatuta, Errotaberritik Bekoerrotaraino joango dira, bidean dauden edo zeuden errota ugariez ikasiz.
Buru osasunari buruzko hitzaldia, berriz, maiatzaren 25etik astelehenera (hilak 23) aurreratu dute. Ediren etxeko Idoia Madarietak Pandemia eta ongizate emozionala hitzaldia egingo du, 17:30ean, kultur etxean.