Txindoki Bertikala bihar jokatuko da, Goierriko Kopako baliagarria
Azkeneko aldiz 2011n jokatu zen. Talde eta gogo berriekin dator orain. Ibilbideak ere, aldaketak izango ditu.
Txindokiko Kilometro Bertikala mendi lasterketa bihar jokatuko da. Ibilbidean aldaketa aipagarriak eginda itzuliko da. 2011n jokatu zen azkeneko aldiz, Larraiztik. Goierriko Kopa Trail txapelketako puntuagarria izango da.
Igone Campos zumarragarra eta Janire Agirre ataundarra, mendi korrikalariak biak, ari dira antolaketa lanetan, bigarren aroari ekiteko. 2020ko maiatzean jokatzeko asmoa zeukaten, baina bertan behera geratu zen izurriteagatik.
Partaidetza 230era mugatu dute, parke naturalean jokatuko denez, baldintzatuta dagoelako kopurua. Beteta dago aspalditxotik.
Ibilbide berriak luzean 3,6 kilometro ditu, eta 980 metroko desnibel positiboa. 10:00etan abiatuko da lehenengo korrikalaria, eta banan-banan irtengo dira, 30 segundoko tartearekin.
Aldaketak bidean
Larraizko langatik gora joan beharrean, aurten aldatu egin dute ibilbidea, «desnibel gehiagokoa» jartzeko, bertikaltasuna eta gogortasuna irabaziz. Aritz Egeak eta Manuel Merillasek apustuetan Gaintzako bidegurutzetik gora egin zuten bidetik joango dira; laburragoa baina pikoagoa da. Horretarako, korrikalariak Larraiztik beherantz abiatuko dira, neutralizatuta Gaintzako bidegurutzera arte; handik gora hasiko zaie denbora kontatzen.
Bide horretako denbora-errekorra Merillasek du: 38:10 minutu. Gaintzako bidegurutzetik basoan gora, Gaztelu-Txindoki bikoizketako lepora irtengo dira. Larreetan zuzenean gorantz sartuko dituzte han, Oria iturrira arte. Azken zatia, Tximista bidetik dute tontorrera (1.342m).
Ainara Urrutia, Ainhoa Lendinez, Imanol Goñi, Asier Larruzea, Iban Murua, Mikel Beuntza edo Iñigo Altzola dira faborito, bertikaletan espezialistak.