Azentzio jaietarako dena prest
Legorretako talogileen taldeak jaurtiko du gaur, arratsaldeko 18:30ean jaien hasierako suziria. Igandera arte luzatuko dira festak eta egitarau bete-betea izango da.
Gaur arratsaldean hasiko dira Legorretako Azentzio jaiak. 2019ko maiatzean ospatu ziren azkenekoz, beraz, badira jada hiru urte herriko festak pandemia aurreko garaietan bezala ez direla ospatzen. Gaur arratsaldean, eguraldi ona zein txarra egin, herritarrak kalera aterako dira, eta 18:30ean, udaletxeko plaza kuadrillen alkandora alaiez jantziko da, Azentzio jaien hasiera ofizialerako.
Aurretik baina, maiatzean abiatu zen pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte. Hirugarren mailakoen finalean, Iraia Etxabek eta Adei Iturriozek Araitz Etxeberriaren eta Adei Martinezen aurka jokatuko dute. Laugarren mailakoen finalean, Xabier Jainaga eta Haritz Etxebarria, Martxel Zinkunegiren eta Inhar Mendizabalen aurka. Bosgarren eta seigarren mailakoen finalean, Luar Oiarbide tea Ane Alusti, Unai Morenoren eta Nora Ibañezen kontra lehiatuko dira eta helduen mailan, Oier Mendizabalek eta Aitor Bergantiñosek, Igor Diezen eta Jon Arrizabalagaren aurka jokatuko dute. Gazte Pikuk gazte asanbladak antolatzen du txapelketa.
Talogileei aitortza
Pilota txapelketarekin hasiko da arratsaldea girotzen, eta sari banaketaren ondoren, 18:30ean zehatzago esateko, lehertuko da festa. Ordu horretan botako baitute aurtengo Azentzio jaien hasierako suziria. Legorretako talogile taldeak jaurtiko du suziria. Haiek izan dira aukeratuak, taldea sortu zutenetik egin duten ekarpenagatik. Ekarpena, zentzu zabalenean; batetik, urte hauetan guztietan egin duten transmisio lanagatik, adibidez, taloak egiteko tailerren bidez, eta bestetik, edonolako elkartasun festa antolatu izan denean, euren aletxoa eskaintzeko prest izan direlako beti. Aurten, Ukrainarako diru bilketa egin dute talo festan.
Legorretako talogileen taldeko Maritxu Jauregi Odriozola «oso pozik» eta «eskertuta» agertu da gaur arratsaldean herriko festei hasiera emateko aukeratuak izan direlako. Hark esan duen moduan, «urte askoan jardun dute herrian antolatu diren ekintzetan parte hartzen», eta «oso pozgarria» dela talogileekin akordatu izana. Legorretar guztientzat mezua ere bidali du Jauregik, «oso-oso ondo pasa ditzatela festak!». Mezu horrekin jaurtiko dute suziria ere.
Suziria bota ostean, erraldoiak eta buruhandiak izango dira plazan eta 19:15ean, bertso erronka, Ezkizu tabernatik abiatuta. Saioa Alkaiza, Haizea Arana, Odei Lopez eta German Urteaga bertsolariak ariko dira.
Festen lehen egunerako, lagunarteko afaria ere antolatu dute, Bilkoin elkartean. Ondoren, kalejira izango da Joselontxos txarangarekin.
Azentzio eguna
Bihar, osteguna, izango da Azentzio eguna, eta egitarau bete-betea izango da. Nabarmentzeko, arratsaldean, 18:30etik aurrera herriko plazan egingo duten euskal erromeria. Udaleko eta herriko eragileetako ordezkariek soka dantza egingo dute. Legorretako Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia izango da, eta euskal dantzen erakustaldia egingo dute. Jarraian, trikitia, sagardo dastaketa eta txorizo jatea izango dira.
Legorretako festetako ekintzen artean, play back-a ere esanguratsua da, herritarrek eurek parte hartzen dutelako. Ostiralean izango da, 18:30ean, gaztetxoenen txanda izango da, eta 23:30ean hasiko da helduen play back-a.
Larunbata, mozorro eguna izango da. Aurtengo gaia, jolasak izango da. Egun horretarako egitaraua ere, oparoa eta parte hartzailea. 13:00etan txakolin dastaketa izango da, Iraunkorrak txarangak alaituta. Ordu berean hasiko da paella txapelketa. Aurtengoa 38. ekitaldia izango da. Paellak, 14:00etarako prest egon beharko dira. Mozorroen eguna, kalean gozatzeko eguna denez, herri bazkaria egingo dute. Eta iluntzean, kalejira, Distopia elektrotxaragarekin.
Igandea azken eguna
Igandean emango diote aurtengo jaiei amaiera. Egitarauari dagokionez, lasaixeagoa, baina bi kultur proposamen dakartzana. Bata gaztetxoentzako; 13:00etan Elkartasun jantokia antzerkia egingo du Irrien lagunak taldeak. Eta 18:30etik aurrera, Turistreatzen kale antzerkia, Trapu zaharrak taldearen eskutik.
20:30ean berriz, Azentzio jaiei agurra egingo diete, gizon pikuaren ehorzketarekin.
Gune morea
Herriko festak ere berdintasunean eta aske bizitzeak duen garrantziaz kontzientzia hartzeko gunea jarriko dute. Txapak egin ahal izango dira bertan, soinean jartzeko pegatinak ere egongo dira, eta eskuragarri egongo da jarrera ez-sexisten eta sexu askapenaren inguruko informazioa.