Itzulera «gogoz» hartuko dute
Gogotsu eta ilusioz hartu dute korrikalariek Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren itzulera, bai lasterketa ezagutzen dutenek, eta baita lehen aldiz ariko direnek ere.
Bi urteko etenaren ondoren, ohiko data eta formatura itzuli da Zegama-Aizkorri maratoia, eta korrikalariek gogotsu eta ilusioz hartu dute. Lehendik ezagutzen dutenek lasterketa ona egitea dute helburu; aurrenekoz aterako direnek, ondo bukatzea.
Uxua barandiaran · Korrikalaria (Zegama)
«Zegama beti da Zegama eta faktore asko daude; lehenengoa bukatzea da»
Seigarren aldiz parte hartuko du aurten Zegama-Aizkorri mendi maratoian, baina edizio berezia izango da Barandiaranentzat. Bi urteko etena ondo etorri zaiola dio; «gorputzak atsedena behar zuen, baina pandemia bezalako zerbait gertatu ezean, nik behintzat ez dakit geldirik egoten; azkenean ondo etorri zaigu». Lasterketen harra barruan du, ordea, eta gustura hartu du bere herriko lasterketaren itzulera.
Zegamarako dortsala zuela jakinda, aurten iaz baino gehiago entrenatu du. Erritmoa hartzea kosta egin zaio, ordea. «Eguberri inguruan COVIDaren sintomak izan nituen, nahiz eta negatibo eman nuen probetan, baina harrez gero kosta egin zait, gorputzak ez zidan erantzuten». Gorabehera handiko urtea izan dela dio. «Denbora aldetik antzera nebilen, baina sentsazioak oso txarrak ziren, gogorra egin zait, batez ere buru aldetik». Azken hiru asteetan, ordea, buelta eman dio, eta berriz ere «ondo» sentitu da mendian.
Helburu berezirik ez dio jarri aurten bere buruari. «Zegama beti da Zegama eta faktore asko daude; lehenengoa bukatzea da, eta beti saiatzen gara denbora hobetzen, baina aurten bikotea eta biok aterako gara, eta beste era batera hartuko dugu». Izan ere, «zortea» da Zegaman bikotekidearekin batera ateratzeko aukera izatea, eta «biok bukatzea polita» litzatekeela uste du.
Iñigo atxa · Korrikalaria (Zegama)
«Korrikalariek meritua dute, baina boluntarioen lana ere aitortu behar da»
Maratoia oso gertutik ezagutzen badu ere, Iñigo Atxak aurten izango du estreinaldia, korrikalari modura. Urtetan boluntario aritu da, Itzubiagako postuan, eta aurten beste era batera biziko badu ere, boluntarioen lana goraipatu nahi izan du. «Korrikalariek meritu handia dute, baina baita musutruk aritzen diren boluntario guztiek ere, atzeko lan handia dago eta hori ere aitortu egin behar da».
Lasterketarako saltoa nahiko naturala egin zaio. «Korrika hasita negoen lehendik, eta zegamarra izanda, ez dago erdi biderik, maratoia egin beharra dago». Bereziki prestatu da aurten maratoirako. Lehendabiziko urtea izanda, «ondo bukatzearekin konforme» legokeela dio. «Errespetua ematen du, baina ea nerbioak gestionatzen asmatzen dugun; dakien jendearen inguruan joaten saiatuko naiz, haien aholkuak entzun eta ahal den neurrian disfrutatzen».
Boluntario edo korrikalari izan, «gustura» dago Zegama-Aizkorri ohiko moldera bueltatu delako. «Herritar bezala polita da, egun handi bat».
Sarah Ugarte · Korrikalaria (Donostia)
«Fisikoki onenean ez banago ere, ez nuen aukera galdu nahi»
Amatasunak bizitza erabat aldatu diot arren, kirolari bizimoduari berrekin nahian ari da Sarah Ugarte donostiarra. «Duela bederatzi hilabete izan nuen alaba, Elaia, eta bizitza asko aldatu zait». Haurdunaldia eta erditzea tarteko, urte eta erdiz egon da entrenatu gabe. Azken bost hilabeteetan hasi da prestaketa lanetan, eta oraindik nahiko lukeen puntuan ez badago ere, aurrerapen handia egin duela dio. «Hasierako sentsazioak oso txarrak izan ziren. Berriz hasten zarenean espero duzu lehengo mailari eutsiko diozula, baina ez da horrela, kosta egiten da berriz puntua hartzea». Orain, ordea, bere burua gero eta hobeto ikusten duela dio: «Ez nago lehengo maila bete-betean baino hobeto bai». Bikotekideak ere asko animatu duela dio, eta horrek bultzada handia eman diola.
Duela hiru urteko edizioan egindako denborari esker (5:18) lortu zuen aurtengorako dortsala. «Fisikoki momenturik onenean ez banago ere, dortsala izanda, ez nuen aukera galdu nahi». Helburuetan ere ez du atzera egin, azken edizioko denbora «berdindu edo ahal bada hobetu» egin nahiko luke.
Iker martin · Korrikalaria (Beasain)
«Zegamako dortsala tokatzea loteria tokatzea bezala da, gogoz nago»
Aurreneko aldiz izango da Zegaman Iker Martin beasaindarra. Duela hilabete eskas jakin du dortsala tokatu zaiola, eta «ezustean» harrapatu du. «Pandemia aurretik apuntatu nintzen, baina bertan behera gelditu zenez, ez nuen aurten tokatzerik espero». Hala ere, gogotsu hartu du erronka; «Zegamako dortsala tokatzea, loteria tokatzea bezala da, aprobetxatu beharra dago».
Horrelako proba bat prestatzeko hilabete gutxi bada ere, ez du lo harrapatu, bikotekidea eta biak G2Hrako prestatzen ari baitziren, «astean lau egunetan» entrenatuz. Aurreneko aldia izanda, jakinda «Zegama proba gogorra» dela, «bukatzea» du helburu. Lasterketa egunean, «sentsazioen arabera» ariko da; «denbora muga bat dago eta nahiko estua da; hasieran gehiegi fortzatu gabe joan nahi dut, baina lorik ere hartu gabe».