Ahuntz gazta berria hasi da
Ahuntz gazta berriaz gain, pipermina, italiar piperra eta azelga berriak eta loreak nahieran izan dira. Gustura daude saltzaileak azken bizpahiru asteotako joerarekin.
Goizak aurrera egin ahala eguzkia nagusi izan bada ere, lehen orduan fresko 11 gradu eta euritsu. Hala hasi arren mugimendua sentitzen zen goizean goizetik, sukaldariak, Bizkaitik etorritako bezeroak, hauen presentzia goiztiarra feria onaren marka izan ohi da. Gustura daude saltzaileek azken bi hiru astetako joerarekin. Landareak, loreak eta zizak erakarrita bereziki, gainerako produktuak saltzeko egokiera izaten da.
Ahuntz gazta berria
Aspaldi bezeroak zain zituen eta baita laster asko saldu ere. Oso produktu preziatua da ahuntz gazta freskoa. Ordizian Aldaba Zaharrekoena. Gazta denboraldia maiatz inguruan hasten dute. Antxumek jaio eta bi hilabetez amarekin uzten dituzte, ondoren jetzi eta gazta egiteko. Egin eta 10-15 bat egunetara ia jan daitezke, hau da estimatuena. Gero ontzen joaten da eta gustuen arabera bat edo beste aukera dezake bezeroak. Txapal formako 200 gramokoak dira (5€), errulo formakoak ere ikusi ohi dira, gustu kontua da molde bat edo bestea aukeratzea. Alpina ahuntzena da. Esne gehixeago ematen du arraza honek. Izena lekuko, Alpeetatik datorrena da. Hemengoa den Azpi Gorria, gaur egun bereziki haragitarako erabilia, baino handixeagoa da. Pirenaikak ere badira Euskal Herrian tokika geroz eta gehiago. Hau da ferian ekoizleak zuzenean saltzen duen ahuntz gazta bakarra. Gazta postuetan urte osoan mota ezberdinetako asko aukeran dira.
Bestalde, arkume denboraldia bukatu da, goiko larreetan burua ia.
Piperrak
Bi mota ekarri dituzte Montesenekoek denboraldiari hasiera emateko: Herriari ohore «Ibarrako langostinoa» pipermina alegia 12€/k eta piper italiar berdea 4€/k. Negutegikoak. Horiekin batera azelga berria. Zerba gure baratzetan erraz etortzen den barazkia da eta ia urte guztiak jan dezakeguna azkenak garatzen hasi orduko berriak prest izatea ez da arraroa. Atzo lehen berriak salgai 2€/sorta.
Loreak nahi ahala aukeran
Bizi-bizi ari dira lore saltzaileak bezeroek eskatu ahala saltzen. Hau da garairik eskertuena lorategiak eta abar hornitzeko. Geranio, huntza, petunia, surfinia… ezagunaz gain, geroz eta mota gehiago dituzte, lore eta izen berriak ezagutzeko aukera polita hala nola calibratxoa, ipomoea, lobelia, sanvitalia… gustua eta prezioa kontuan hartzeaz gain lorearen ezaugarriak ezagutzea komeni zein aukeratu jakiteko.