Kilometro bertikala, motza bezain gogorra
Maratoiarekin gertatu den bezala, korrikalariek gustura hartu dute Kilometro Bertikalaren itzulera. Proba «leherkorra» bada ere, gogotsu daudela diote.
Hiru-bat kilometroko distantzian, mila metroko altuera igotzea. Horixe da Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalaren berezitasuna. Proba azkarra da, baina dena eman beharrekoa; «leherkorra» korrikalari askoren iritziz. Zegamako plazatik abiatuta, guztira 5,2 kilometroko ibilbidea egiten dute, baina azken 3 kilometroak dira erlojupekoak, Arriaunditik (505 metro) Irauleko gainera (1.520 m.) iritsi arte. Denera 1.015 metroko desnibela du, batez besteko %33ko maldarekin. Pandemia garaian ibilbidean izandako luizi bat tarteko, aurten ibilbidea moldatu behar izan dute, nahiz eta datuak, beti bezain beldurgarriak diren.
Iban San juan · Korrikalaria (Zegama)
«Lasterketa eta giroa bizi nahi ditut, eta ahal bada, aurreko denbora hobetu»
Zegamarra izanda, gertutik ezagutzen du proba Iban San Juanek. Maratoia bi aldiz egindakoa da, baina pandemia aurreko azken bi edizioetan bertikalean atera zen, eta aurten ere hala egingo du. «Proba motzagoa baina esplosiboagoa da, dena eman behar duzu». Bi urteko etenaren ondoren, gustura hartu du lasterketen itzulera, «motibazio bat» delako. «Errutina batera ohitzen zara, ia asteburuero lasterketaren bat izatera, eta faltan botatzen nuen».
Herrikoa izanda, dortsala izateko aukera du eta «lasterketa eta giroa» bizitzeagatik eman zuen izena. Baita maratoiaren aldean, «entrenamendu gutxiagorekin zerbait txukuna» egiteko aukera ematen duelako ere. Izan ere, duela gutxi aita izan da, eta ez du lehen adinako denborarik entrenatzeko. Azken aldian, gehiago aritu izan da asfalto gainean, serie motzagoak eginez. «Egia esanda oraindik ez dut ibilbidea egiteko aukerarik izan, baina probatu nahi nuke lasterketaren aurretik». Bere buruari ez dio helburu zehatzik jarri, giroarekin gozatu eta «ahal bada aurreko urteetako denbora hobetu» nahi luke. Hasieran bizi baina «indarrak neurtuz» ateratzen dela dio, eta bukaeran «hortzak estutu eta dena eman» behar dela. Eguraldiak sortzen dio kezka apur bat, azken asteetako tenperaturak ikusita, edozer tokatu baitaiteke lasterketako egunetan.
Igone Campos · Korrikalaria (Zumarraga)
«Proba etxean izateak alde on eta txarra ditu. Ea nola kudeatzen dugun»
Neguko eski denboraldia bukatu eta apenas hilabeteko epea izan du Igone Camposek udako lasterketetarako prestatzeko. Hala ere, Zegama-Aizkorriren itzulera «ilusioz» hartu du. «Pandemiaren kontuagatik urtebetez geldirik egon ziren lasterketa gehienak, baina Zegama berezia da, eta publikorik gabe ez litzateke berdina izango». Horregatik izan da etena luzeagoa proba honen kasuan.
Zegamako bertikala prestatzeaz gain, Txindokiko Kilometro Bertikalaren antolakuntzan ere ibili da Campos, eta bata eta bestearen artean, kokatzeko ere asti handirik ez duela izan dio. Ostiraleko probari begira, tenperaturak eragiten dio kezkarik handiena. «Niri tenperatura altuek kalte egiten didate. Proba etxean izateak ere, alde onak eta txarrak ditu, baina ea presio hori kudeatzen asmatzen dugun». Horrek eta egunean bertan duen gorputzaldiak erabakiko dute bere emaitza; hala ere, garbi du «helburua beti ahalik eta errendimendurik onena» lortzea dela.
Anartz Etxeberria · Korrikalaria (Idiazabal)
«Urteotan ez gara geldirik egon, baina Zegamako giroa berezia da»
Kilometro bertikaletan esperientzia handiko korrikalaria da Anartz Etxeberria idiazabaldarra; Zegaman bertan ere, edizio ugaritan hartu du parte dagoeneko. Joan den asteburuan Txindokiko bertikala egitetik dator. «Azkenekoa duela 11 urte egin zen, eta aurten hala tokatu da». Hala ere, gogoz hartu du bertako lasterketen itzulera, nahiz eta pandemia garaian ere ez den erabat geldirik egon. «Espainia aldean-eta ibili naiz, Kilometro Bertikalen Txapelketan, eta Katalunian ere bai, probaren batean. Horiek ez dira gelditu; hemen gehiago kosta zaie lasterketekin hastea».
Zegamako bertikala egin zuela hiru urte dira jada, eta denbora ez dela alferrik pasatzen dio, «batez ere gure adinean». Orduko denbora berdintzea kosta egingo zaiola uste du. «Adinarekin motelago zaude, eta beste era batera hartzen duzu lasterketa, orain ez gara hasieratik horren fuerte irteten». Zegama, hala ere, berezia da, lasterketaz gain egoten den giroa eta «festa egun bat» dela aipatu du Etxeberriak, eta beste lasterketa batzuetan aritu bada ere, berotasun hori gustura hartuko du aurten.
Garazi Golmayo · Korrikalaria (Zaldibia)
«Askorik entrenatu gabe bada ere, dortsala izanda, joan beharreko proba da»
Lesio batetik atera berritan eta proba luzeagoetarako prestatzen ari dela harrapatu du Zegamako Bertikalak Garazi Golmayo zaldibiarra. Hala ere, Zegama «beti gogoarekin» hartzen dela dio. Bi urteko etenaren ondoren, «askorik entrenatu gabe bada ere, dortsala edukita Zegamara joan beharra» dagoela dio. Helburua beti izan ohi da aurreko urteetako denborak hobetzea, baina aurten nola iritsi den ikusita, ez dio bere buruari erronka berezirik jarri nahi.
Izan ere, distantzia luzeagoak ditu orain buruan zaldibiarrak. «Goierriko 2 Handiak probarako prestatzen ari naiz; duela sei urte hasi nintzen korrika, eta betidanik hori izan da nire ametsa; aurten horrela tokatu da, dena batera». Urteak daramatza «pixkanaka distantziak luzatzen eta trailetarako prestatzen». Aurten izango du probatzeko urtea.