Mariren bila, festari ekiteko
Beasaindarrak Mari noiz helduko zain daude, hiru urteko itxaronaldia luze egin baita. Dantza egiteko zozketa egin behar izan dute. Pregoilariak La Salleko ikasleak izango dira
Beasaindarrak gora begira daude, Murumendi aldera, ea urrunean Mari jaisten ikusten duten. Luze iritzian daude, hiru urteko itxaronaldia luze egin baita.
Ansioso egunik bada, gaurkoa da. Txosnagunean ezin izan dute gehiago itxaron eta gaur ekingo diote festari: 18:00etan zabalduko dute barra eta 23:00etan lehen notak entzungo dira. Añube taldeak kontzertua eskainiko du.
Mari ez da ikusleen artean izango, ziur. Bihar jaitsiko da Murumenditik Loinazko San Martin plazara, dagokion orduan, 22:30ean. Berarekin sekula baino sorgin gehiago ekarriko ditu: 130 gazte elkartu dira entseguetan. Horietatik 80, 2005. urtekoak. Beraiei dagokie aurten oholtzara igotzea. Halere, segurtasunagatik, 40 lagunera mugatu zuten edukiera, erdiak gizonezkoak eta erdiak, emakumezkoak. Ondorioz, zozketa egin behar izan dute. Entseguetara agertu zirenen artean zapi bereizgarriak banatu zituzten, eta soilik horiek igo ahalko dute oholtzara.
Ezustekoa «polita» hartu zuten Aurtzakoki kideek. «Aurreko urteetan entseguetara oso jende gutxi agertzen zen: dantza munduko jendea eta neskak. Mariren Jaitsierarik aurreko urteetan ez denez, gazte asko dantza egiteko aukerarik gabe gelditu ziren. Orain guztiak pilatu dira», azaldu du Naiara Azurmendi arduradunetako batek. Jaien hasiera ofiziala, baina, 18:00etan izango da. La Salleko ikasleei dagokie progoia irakurtzeko eta danbatekoaren ardura.
Danborrada, itxuraldatuta
Danborradaren antolatzaileek eta Beasaingo Udalak etenaldia baliatu dute ekitaldia birmoldatu eta beziberritzeko. Haurren danborrada arratsaldera mugitu dute eta helduenarekin bat egingo du: San Martin plazan elkartuko dira etzi, batzuk amaitzeko eta besteak, hasteko. Hiru pieza elkarrekin joko dituzte. Tartean, Pello Irizar musikaria omenduko dute. Gainera, zuzeneko musika eta ibilbide berria izango dituzte. Nafarroa Etorbidea, Kale Nagusia, Jose Migel Iturriotz, Oriamendi eta San Inazio kaleak zeharkatuko dituzte.
Erraldoiak eta buruhandiak inoiz baino gehiago eta apainago irtengo dira. Festarik ez dela izan baliatuta konpondu egin dituzte. Gainera, ez dute korrikarik egingo. Oinez ibiliko dira eta, jo beharrean, goxokiak banatuko dituzte.
Musika eskaintza luzea eta zabala da. Txosnagunean kontzertu sorta antolatu dute, eta egitarau ofizialean aurreko urteetan baino gehiago daude aurreikusita. Esaterako, igandean lau kontzertu izango dira. Kuadrilla egunean ere Bideluzekoaz gain Erauskin plazan beste kontzertu bat izango da.
Ehun urteko bilduma
Beasain Jaietan urtekariaren lehen alea argitaratu zela ehun urte beteko dira etzi. Lehen zenbaki hark zortzi orrialde zituen, denak zuri-beltzean, eta hamar pezeta balio zituen. Larunbatean 67. zenbakia aterako dute, 200 orritik gorakoa. Urtean zehar jazotakoaz gain, elkarrizketak, erreportajeak, bertso-sortak… izango ditu. Pandemiaren erruz festarik izan ez zenez, azken bi urteetan ez da alerik argitaratu.
Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloaBeasainen aplikatuko Emakundek ondu duen Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida lehen aldiz. Erasoak ekiditeko gomendioak jasotzen ditu eta, hauek kale eginez gero, zer egin behar den. Zaldizurretan puntu morea egongo da. Whatsapp zerbitzua ere eskainiko dute, 688768608 zenbakian.Itaiak ere prestatu du erasoen aurrean nola jokatu zehazten duen barne protokoloa. Erasotuak, zeharka edo zuzenean, txosnagunera jo beharko du. Maila nazionaleko Itaiak sortu du eta loinatzetarako egokitu dute Beasaingo Indarkeria Matxistaren Aurkako Asanbladak eta Txosna Batzordeak.