Esklerosia dutenen aldeko saskibaloi festa egingo dute Ordizian
Hirugarren Azatxo Topaketa larunbatean izango da Ordizia saskibaloi taldearen ekimenez. Gipuzkoako zazpi taldetako 400 gaztetxok parte hartuko dute
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/06/2022-06-01-p004_f02.jpg)
Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute berriro ere Ordizian, izan ere, larunbatean, hilak 4, hirugarren Azatxo Topaketa egingo dute, Ordizia Saskibaloi taldearen ekimenez eta ekitaldia babestu duten guztien laguntzarekin, tartean Ordiziako Udala.
Hirugarren ekitaldia ere aurrekoak bezain arrakastatsua izatea espero du antolakuntza taldeak. Horretarako, topaketak oinarri dituen helburuak betetzea da Ordizia Saskibaloi taldearen nahia, hau da, «gaztetxoek saskibaloiaz gozatzea, harremanak eta kirol jarduerak sustatzea baita kontzientzia eta elkartasuna sustatzea ere».
Azken helburu horri dagokionez, Azatxo Topaketarekin biltzen den dirua erakunde eta behar berezia duten pertsonei laguntzeko bideratua izango da. Lehen urtean, Aspanogi elkartearentzat izan zen bildutako guztia, eta bigarrenean berriz, Eneritz Martin saskibaloi jokalari beasaindarrentzat, garuneko tumorea kendu ondoren errehabilitazio prozesuarekin laguntzeko.
Aurten, esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde lanean diharduen Baila con EM elkartearentzat izango da. Edonork egin dezake ekarpena, horretarako zabaldu duten kontu korrontearen bidez (ES61 3008 0225 1039 6607 4621). Hurrengo aste osoan ere egin ahalko da ekarpena.
400 gaztetxo
Hirugarren Azatxo Topaketan jokatzeko gonbita luzatu diete Gipuzkoako hainbat saskibaloi talderi eta zazpi taldek parte hartuko dute; Azpeitiako Iraurgi, Legazpiko Andraitz, Oñatiko Aloñamendi, Arrasateko Ointxe, Donostiako Easo eta Aldapeta. eta Ordiziako Azatxo Eskola. 2010 eta 2013 urte bitarteko 400 gaztetxo guztira.
Partidak, Jakintza ikastolan, Urdaneta ikastetxean eta Majori kiroldegian jokatuko dituzte, 09:15etik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era. Eguerdiko etenaldian, Ordiziako Plaza Nagusian bazkaltzeko elkartuko dira talde guztiak eta guztia ondo ateratzeko lan egingo duten boluntario guztiak ere.