Ipuin, abesti eta errimekiko zaletasuna sustatzera dator Bookstart programa
0 eta 2 urte bitarteko haurrei zuzendutako programa pilotu bat da eta irakurzaletasuna sustatzea du helburu. Inklusiboa izan nahi du, behar bereziak dituzten haurrentzako materialarekin
Bookstart Gipuzkoa programa aurkeztu zuten atzo Ordiziako udaletxean. Bertan izan ziren Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetza diputatua, Ernesto Gasco haur pobreziaren aurkako Gobernuaren goi komisionatua, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Ana Molina Mestiza Elkarteko presidentea eta Eneka Iribarren Mondragon Unibertsitateko Leinn Graduko ikaslea.
Bookstart Gipuzkoa 0 eta 2 urte bitarteko haurrei zuzendutako programa pilotu bat da eta irakurzaletasuna sustatzea du helburu. Horrela, familiek liburu sorta bat jasoko dute urtero, inolako kosturik gabe, ipuinekiko, abestiekiko eta errimekiko maitasuna sorrarazteko.
Bookstart Gipuzkoa liburu-sorta bakoitzak LiburuPack izena hartuko du, eta hiru liburu izango ditu hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Era berean, irakurketaren, errimen eta abestien onurei buruzko informazioa emango du. Liburutegiei buruzko informazioa ere jasotzen dute, baita haurtxoei zuzendutako Liburu Baby Klubaren irakurzaletasuna sustatzeko jarduerei buruzkoa ere.
Egitasmoak, haur denentzat irisgarri izan nahi du. Horregatik, haurrentzako eta familientzako eskaintza inklusiboa eskainiko du, eta behar bereziak dituzten haurrentzako liburuak izango ditu eskaintzan; gorreria duten haurrak, haur itsuak, eta jarduera motore finetarako zailtasunak dituztenak kontutan izango dituzte, haientzat eskaintza aproposa eginez.
Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak azaldu zuenez, «helburua da familiak eta legezko tutoreak bultzatzea eta motibatzea beren seme-alabekin liburuak, ipuinak, abestiak eta errimak parteka ditzaten bizitzako lehen urteetatik». Liburuetara sarrera goiztiarrak dituen «hezkuntzaren, kulturaren, gizartearen eta emozioen aldetik dituen onurak» ere hizpide izan zituen Millanek, baita egitasmo horren bidez «aukera berdintasuna» bultzatu nahi izatea ere.
Ernesto Gascok, haur-pobreziaren aurkako gobernuko goi komisarioak adierazi zuen, haurrei irakurketa hurbiltzeak eragin «oso positiboa» duela «haurren garapenean eta eskola errendimenduan, bai eta haien gizarte trebetasunetan ere, batez ere baliabide gutxiagoko familietako haurren kasuan».
Ordiziako alkate Adur Ezenarro, bere aldetik, ilusioz eta esker onez agertu zen egitasmoa Ordizian hasiko delako: «Ordizian, herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko ekimenekin konprometituta gaude, irakurketak, eragin oso positiboa baitu». Adibide bezala, Ordizian aspalditik martxan dagoen Liburu Baby Kluba egitasmoa.
Proiektuaren jatorria
Bookstar proiektua Erresuma Batuan sortu zen, Ingalaterrako BookTrust Irakurketa Sustapenerako Fundazioak zuzendua. 2000. urteaz geroztik, Europako 22 herrialdeetan garatzen ari dira EURead sarearen ekimenez. Sare horren barruan dago Mestiza Elkarte Artistiko-Soziokulturala. Mestizako ordezkari den Ana Molinak nabarmendu du egitasmoa Ordiziara ere hedatzea «ametsa» dela, eta leku gehiagotara iristeko ere lanean segiko dutela.