Liburutegi txikia, altxor handia
Altzagako Udalak liburutegia egokitu du Ertoetxen. Inaugurazio ekitaldia asteburuan izan da. Maite Frankok ipuin kontaketa saioa egin du eta ondoren hamaiketakoa egin dute.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/06/2022-06-01-p008_f01-1200x911.jpg)
Liburutegiak altxorra dira. Unibertsoaren ateak irekitzen dizkigute. Gizateriak mendeetan pilatu duen jakinduria gure eskura jartzen dute. Mundu osoko autoreen lanak gure esku jartzen dituzte. Hamaika sorpresa zirraragarri dituzte gordeak, gure zain. Liburutegiei esker, haurrek izpiritu kritikoa, sormena eta jakin-mina garatzen dute. Altzagan ere badute liburutegia. Larunbatean inauguratu zuten. Maite Frankok ipuin kontaketa saioa egin zuen eta ondoren hamaiketakoa egin zuten.
Altzagak Udalak Ertoetxen egokitu du liburutegia, herritarrek eskatuta. «Pandemia aurretik parte hartze prozesu bat egin genuen eraikin honi zer erabilpen eman erabakitzeko eta herritarrek liburutegia eta gimnasioa eskatu zituzten. Horretaz gain, udaletxeko bileretarako eta kultur ekitaldietarako ere erabiltzen dugu. Proiektore bat ere jarri dugu», azaldu zuen Harritxu Muxika zinegotziak.
Liburutegi sarea
Bizilagunak nahi dutenean sartu daitezke Ertoetxera. Horretarako, txartela eskatu behar dute. Askok badute dagoeneko. Udalak herritarrei ze liburu nahi zituzten galdetu zien eta horiek erosi ditu. Gainera, herritarrek emandako liburuak jaso ditu. Helduentzako eta haurrentzako liburuak daude: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Altzagarrek nahi duten liburua aurkitzen ez badute, udalari eskatu diezaiokete. Izan ere, Altzagako liburutegia liburutegi sareko kidea da.
Ordenadore bat ere jarri dute. «Azterketa garaian, gazteak ikastera etortzen dira», gehitu zuen Maite Garmendia alkateak.
Ertoetxe eraikina apaizetxea izan zen garai batean. Zaharkitua zegoen eta aurreko agintaldian berritu egin zen. Agintaldi honetan, berriz, bere erabilpena zehaztu da. Udalaren hurrengo erronka udaletxearen zaharberritzea izango da. «Zaharberritzea hasten dugunean, bulegoak hona ekarriko ditugu beharbada. Horren inguruko parte hartze prozesua egiten ari gara».