Ur azpian mundu bat
Veronica Mateos ormaiztegiarrak argazki erakusketa jarri du ikusgai Gizarte Etxean, uztailaren 24ra arte. Kantauri Itsasoan ateratako argazkiak dira: itsas izarrak, itsas zaldiak, bareak, koralak...
‘Ur azpiko animaliak’ argazki erakusketa ireki du gaur eguerdian Veronica Mateos ormaiztegiarrak Gizarte Etxean. Ur azpian dagoen mundua ikus daiteke erakusketan. Zehazki, Kantauri Itsasoko bizitza, paisaia eta animaliak hilezkortu ditu, kostatik ez oso urrun, 14 bat metrora. Itsas izarrak, itsas zaldiak, koralak, itsas bareak edota olagarroak azaltzen dira argazkietan. Bideo bat ere gehitu du, beste itsaso batzuetako irudiak txertatuta. Dirudienaren kontra, animalia bitxiak daude Kantauri Itsasoan ere, Mateosek berak azaldu bezala: “Jendeak askotan pentsatzen du horrelakoak ez ditugula hemen, baina hala da. Kolore biziak ikusten dira”.
Dela zazpi urte hasi zen urpekaritza praktikatzen, eta ondoren ikusten zuena gordetzeko asmoz hasi zen argazkiak egiten: “Urpekaritza titulua atera nuen, eta gero ez zen nahikoa ikustearekin, oroitzapena gorde nahi nuen. Kamera txiki batekin hasi nintzen lehenengo, eta hobetzen joan naiz”. Taldean joaten da ur azpira, ezin baita bakarrik egin: “Kantauri Itsasoa oso mugitua eta harroa da. Itsasoa baretuta dagoenean ateratzen ahalegintzen gara, eta ondoren lasai hartu behar duzu. Zu zaude bisitan haien etxean, eta normalean animaliak gelditik egoten dira, askotan zuri begira”.
Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak Mateosek ur azpiko mundu “zoragarria” erakusten duela azpimarratu du: “Normalean Goierritik mendiari eta basoei begira egoten gara. Mundu hau ezagutzea ikaragarria da”. Herritarrak gonbidatu dituzte Gizarte Etxera inguratu eta erakusketa ikustera. Uztailaren 24ra arte egongo da ikusgai, eta ekainaren 4an, larunbatean, bisita gidatua izango da, 12:00etan, Veronica Mateosen eskutik.