Errebote plazako lanen balorazioa jasoko du EHUko ikasle talde batek
2019an bukatu zituzten Segurako Errebote plazako obrak, baina pandemia dela eta balorazio prozesua atzeratu behar izan dute. Herritarrek berrikuntzekiko duten ikuspegia aztertuko dute
Errebote plazan egindako berritze lanen balorazioa jasoko du EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) antropologia eta arkitektura ikasle talde batek, herritarrek plazan egindako lanekiko duten iritzia jakiteko asmoz. 2019an bukatu zituzten obrak, eta pandemia dela eta, aurten hasi dira segurarrak plaza normaltasunez erabiltzen. Metodologia ezberdinak erabiliko dituzte, aspektu kualitatibo zein kuantitatiboak jasota.
«Fase horri bukaera emateko garaia badenez, balorazioa egingo da erabilera aldetik, bertan dauden elementu aldetik eta sentimendu aldetik, herritarrek nola ikusten duten jakiteko», azaldu du Izarra Urdalleta alkateak. Obrak hasi zirenetik parte-hartzailea izan da Errebote plazako prozesua, hasi aurretik umeekin egin baitzuten lanketa. Lanak bukatuta, balorazioa egiteko EHU-rekin harremanetan jarri da udala. «Horrelako prozesu batek eskatzen du herritarrek ebaluazio bat egitea, emaitzek aurreikuspenak betetzen dituzten jakiteko».
Karmele Garcia eta Naia Mondragon antropologiako ikasleak eta ikerketa taldeko kideak dira, arkitekturako beste bi ikaslerekin batera. Koldo Telleria da zuzendaria. Mondragonek azaldu duenez, ez da ohikoa hirigintza prozesuetan horrelako ebaluaketak egitea: «Apustu bat egin da parte hartze prozesua hirigintzara hurbiltzeko».
Arlo kualitatiboak eta kuantitatiboak landuko dituzte. «Lehen zatian inkesta zabalduko dugu online, bai paperean eta baita herrian zehar buzoietan ere, puntu ezberdinetan banatuta», agertu du Garciak. Haurrekin elkartuko dira haien ikuspuntua ezagutzeko. Arkitekturakoek espazioarekin eta planoekin egingo dute lan, eta antropologiakoek ematen zaion erabilerarekin: «Tokiak duen bizitza soziala landuko dugu guk».