Ezkiaga auzoan autoa denbora gehiagoan utzi ahalko da
TAO ordenantza berria onartu da. Udalak dio Porteria inguruko merkataritzari «bultzada» emango diola. Sozialistentzat aldaketak auzotarrak kaltetzen ditu
Beasaingo Udalbatzak TAO ordenantza berria behin-betiko onartu zuen maiatzari zegokion osoko bilkuran. Leire Artolak azaldu zuen aldaketak «azalekoak» direla: Ezkiagako eremu gorria 23:00etatik 08:30era egongo da indarrean, ez 10:00ak arte orain bezala; eremu marroia Gernika pasealekuko aparkalekura lekualdatu dute eta ordu erdi luzatu dute gehienezko egonaldia; eta Erauskin plaza eremu urdina bilakatuko da.
EAJak alde bozkatu zuen, EH Bildu abstenitu egin zen eta PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak argudiatu zuen auzotarrei «kalte» egiten dien neurria dela, «zerbitzua egoiliarrei eskaini beharrean dendariei eskaintzen dielako».
Artolak erantzun zion auzotarren partetik ez dutela aparkaleku faltaren kexa ofizialik jaso. Gainera, aparkatzeko mugaren amaiera 08:30era aurreratzeak inguruko merkatariei «bultzada» emango diela zin egin zuen. «Ezin dira denen nahiak asetu, baina ziur nago onurak kalteak baino handiagoak izango direla». Eremu marroiko egonaldia 90 minutura luzatzeak ere Gernika pasealekuan erosketak egiteko «malgutasuna» eskainiko duela gaineratu zuen.
EH Bilduri ordenantza aldatzeko formak ez zaizkio gustatu. «Mugikortasun Plana garatzen ari garen bitartean ari zarete interbentzio pila bat egiten eta denak kotxearen mesedetan». Nerea Manzisidor bozeramaileak «itxaroteko» eta herritarren iritziak «errespetatzeko» eskatu zion udal gobernuari. «Zer pasako da mugikortasun planak atzera botatzen baditu aldaketak?», galdegin zuen.
Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko zinegotziak erantzun zion ez duela uste halakorik gertatuko denik, «aldaketa guztiak mugikortasun planak dituen helburuekin bat eginez gauzatutakoak» izan direlako. Gainera, OTAren ordenantzak eta Mugikortasun Planak ez dutela lotura zuzenik aipatu zuen.
Udalsarea 2030
Beasaingo Udala Udalsarea 2030ari atxikita jarraitzea begi onez ikusi zuen udalbatza osoak. Duela hamabost urte batu zen sarera eta akordioa orain amaitzen zen. Udalsarea tokiko politika jasangarriak koordinatzeko eremua da.