«Zumarragako banda pertsona umil eta langilez osatuta dago»
Zumarragako musika bandak aukeraketa prozesua egin du zuzendari berria hautatzeko. Ane Legarreta bizkaitarra (Galdakao, 1994) hautatu dute. Legarretak curriculum bikaina du.
Nolatan halako musika zaletasuna?
Txikitatik ikasi dut musika. Betidanik argi izan dut musikaria izan nahi nuela. Orkestra zuzendaritzaren kasuan, ordea, nagusiagotan piztu zitzaidan interesa.
Norbaiten eraginez?
Inma Shara ikustera joan nintzen behin nire aitarekin eta kontzertua amaitutakoan Inma ezagutu nahi nuela esan nion aitari. «Inma, nagusitan zu bezalakoa izan nahi dut, orkestra zuzendaria», esan nion. Eta berak «Bai? Ba animo!», erantzun zidan. Ordutik ez dut berriro ikusi, baina gaur egun hitz horiek esan izana eskertu nahi nioke aurrez aurre.
Ze instrumentu jotzen dituzu?
Pianoa da nire instrumentu nagusia. Harpa ere ikasi nuen. Gainontzeko instrumentuekin ez naiz horren ondo moldatzen, baina instrumentu jotzaileekin behar bezala komunikatzen ikasi dut, bakoitzaren hizkuntza lantzen.
Nolatan zuzendari izateko grina?
Abesbatza bat lehenengoz zuzendu nuenean, irakasleak aukera eman zidalako, ez nuen ulertzen zergatik egin zitzaidan hain zaila buruan nuena lortzea. Jakin-min horrek ekarri nau honaino. Oraindik ere, askotan ez dut ulertzen zergatik ez ditudan ideia konkretu batzuk musikaren bitartez azalaraztea lortzen. Musikaren barneratze prozesu hori infinitua da, norberak jartzen du muga.
Non egin dituzu musika ikasketak?
Galdakaoko musika eskolan hasi nintzen. Ondoren, Bilboko kontserbatorioan, Asturiaseko goi mailako kontserbatorioan eta Musikenen ikasi nuen. Zuzendaritza masterra, berriz, Madrilen egin nuen. Masterclassak ere egin ditut, Frantzian, Suitzan eta Egipton.
Non lan egin duzu orain arte? Ze banda eta orkestretan?
Leioako kontserbatorioko orkestrako zuzendaria naiz eta Getxoko banda ere zuzentzen dut. Hurrengo denboraldian ABAOko (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea) zuzendari laguntzailea izango naiz: operan nire lehenengo urratsak emateko aukera izango dut. Bilboko ganbera orkestra eta abesbatza zuzendu ditut eta Galdakaoko bandako zuzendaria izan naiz.
Nolatan erabaki zenuen Zumarragako bandak egindako deialdira aurkeztea?
Bandak zuzentzea gustatzen zait, nahiz eta apurka orkestrak zuzentzera jotzen ari naizen. Zumarragako bandaren kontzertu batzuk ikusi nituen eta haiekin lan egitea gustatuko zitzaidala pentsatu nuen. Eta hala da. Proiektu politak aterako ditugu aurrera.
Zer iruditu zaizu Zumarragako banda?
Pertsona umilez eta langilez osatuta dago. Nire ustez, ezin zaio gehiago eskatu talde bati. Horrek bihurtzen ditu musikari onak.
Zumarraga ezagutzen al zenuen? Zer iruditu zaizu herria?
Ez nuen ezagutzen. Hautaketa prozesuko kontzertua amaitzean, bandak zumar adartxo apaindu batekin egindako koadro bat oparitu zidan eta herriaren izenaren esanahia azaldu zidaten. Jacob de Haan-ek konposatu zuen La Antigua obra zuzentzeko aukera izan dut eta horri esker ezagutzen dut ermitaren historia.
Ze dohain behar ditu zuzendari on batek?
Lana, lana eta lana. Eta gero, norberarengan konfiantza, karisma eta enpatia.
Nolako zuzendaria zarela esango zenuke?
Norberaren burua deskribatzea ez da erraza, baina ziurtasuna eta konfiantza transmititzea asko baloratzen dut. Askotan esan didate hori lortzen dudala.
Zein da Zumarragako bandari eman nahi diozun ukitua?
Bertako beste elkarte kulturalekin elkarlanean aritzeari funtsezkoa deritzot. Baita estilo askotariko errepertorioa eskaintzea, ikusle gazteenen interesa piztea eta emakume konpositoreei gure programetan tokia egitea ere. Eta beste emakume zuzendari batzuk gonbidatzea!
Zein da zure ametsa zuzendari bezala?
Munduan zehar bidaiatu nahi nuke, orkestrarik onenak zuzentzen. Pasa den apirilean Egipton egon nintzen, Kairoko orkestra zuzentzen. Oso esperientzia aberasgarria izan da, bai pertsonalki eta bai profesionalki.