Berdintasunaren aldeko II. txapelketa, ekainaren 11n
Ordizian, Beasainen eta Lazkaon jokatuko dira lehenengo faseak, eta finala Idiazabalen izango da.
Goierri Gorri Futbol Klubak Real Sociedad Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Berdintasunaren aldeko II. futbol txapelketa antolatu du ekainaren 11rako. Ordizian, Beasainen eta Lazkaon izango dira txapelketako lehenengo faseak. Kanporaketak izango dira, eta azken fasea eta finalak Idiazabalen jokatuko dituzte sailkatutako taldeek.
Ordiziako Altamira zelaian Mariñok, Biak Bat-ek, Zarautzek, Goierri Gorri C-k eta Aizkorri Goierrik jokatuko dituzte partiduak. Lazkaoko Arizti Haundi zelaian, berriz, Intxaurdik, Goierri Gorrik, Billabonak, Euskaldunak eta Goierri Gorri B taldeek jokatuko dute, eta Beasaingo Loinatz zelaian, Beti Kozkor, Real Sociedad, Goierri Gorri D, Martutene eta Goierri Gorri A taldeek. 10:00etan hasiko dira partidak zelai guztietan.
Finaleko faseak Idiazabalgo Arizkorreta zelaian 15:30ean hasiko dira, eta final handia 18:00etan izango da.
Irantzuren memoriala
Igandean, aldiz, ekainaren 12an, V. Irantzuren Memoriala egingo dute Loinatz futbol zelaian. 9:30ean Goierri Gorriko alebin nesken futbol festa izango da, eta 11:15ean Goierri Gorrik Real Sociedad C taldearen aurka jokatuko du.