Dantzari txikien festa igandean, Korostiren eskutik
Legazpiko 35. Dantzari Txiki Eguna egingo dute igandean.
Korosti Dantza Taldeak antolatuta, 35. Dantzari Txiki Eguna ospatuko da igandean Legazpin, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren. Aurtengo festa berezia izango da, goiz partean bakarrik egingo delako. Gainera, Dantzari Txiki Egun hau ohi baino beranduago dator, apirilaren amaieran egiten baita beste urteetan.
Partaidetza ere aurreko urteetan baino txikiagoa izango du aurtengo dantzari txikien topaketak, eta inguruko dantza taldeak bakarrik elkartuko dira Legazpin. Herriko bertako Korosti eta Sustraiak taldeetako dantzariez gain, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi, Urretxuko Lurra, Antzuolako Oinarin eta Oñatiko Oñatz taldeetako txikiak ere izango dira. Laguntzaileen artean, Goiz Deia Txistulari taldea, Doinua Musika Eskolako trikitilariak eta dultzaineroak eta Iratzarri Dultzaineroak izango dira.
Dantzari txikien festa 11:00etan hasiko da Laubiden. Han elkartuko dira partaide guztiak, eta hamaiketakoa egin ondoren, 11:45ean abiatuko dira kalejiran, Santikutz kaletik behera, eliza pareraino. Handik Nafarroa kalera joko dute, eta Kale Nagusitik gora igoko dira plaza aldera.
Kale Nagusian geldialdia egingo dute 12:15ean, eta talde guztiek batera dantzatuko dute. Plazan egingo dituzte gero azken dantza saioak, eta 13:30 inguruan emango zaio amaiera Legazpiko Dantzari Txiki Egunari.