Goierriko irakurle taldeek Laura Mintegi omenduko dute Ataungo topaketan
Ekainaren 11n izango da ekitaldia, Ataungo udaletxean. Zazpi herritako taldeak joango dira, 50 bat irakurle. Lehenbizi Mintegiren 'Sisifo maite minez' liburuaz solasaldia egingo dute

Laugarren aldiz, Goierriko irakurle taldeek juntadizoa egingo dute. Ataunen egokitu da aurten, eta 2020rako prestatzen ari ziren topaketa ekainaren 11n ospatu ahal izango dute.
Zazpi irakurle taldetako kideak batuko dira festara: Zumarraga-Urretxu, Ordizia, Beasain, Itsaso, Idiazabal, Gabiria eta Ataungoak. Guztira, 45-50 lagun bitarte izango dira. Hala ere, ekitaldia eta taldeak berez irekiak direnez, edozein herritar joan liteke. Ataungo Otso Irakurleak taldeak antolatu du, bertako udalaren babesarekin.
Bihar zortzirako plan hauxe prestatu dute: 17:00etan elkartu Ataungo udaletxean, eta taldetxo txikietan bereizita literatura solasaldia egingo dute, Laura Mintegiren Sisifo maite minez (2001) eleberriaz.
Ondoren, 18:00ak aldera, Laura Mintegi Lakarra idazlea (Lizarra, Nafarroa, 1955) omenduko dute Goierriko irakurleek. Aurrez, Zumarragan Arantxa Urretabizkaia, Beasainen Joan Mari Irigoien eta Ordizian Patxi Zubizarreta idazleek jasoa dute goierritarren aitortza.
Bukatzeko, 19:00etan mokadutxo bat jango dute.
Etengabeko emaria
Udako etenaldiaren aurretik, irakurle talde askok azken juntadizoa izango dute. Mintegiren Sisifo maite minez irakurri dute guztiek azken aldian. Ataungo Otso Irakurle taldekoek bigarren aldiz, lehen ere leitua baitzuten.
Ataungo taldea 2016ko urrian sortu zuten, Beasainera edo Ordiziara joaten ziren hiru herritarrek bertan taldea bultzatuta. Hilero elkartzen dira, aldiko irakurgai bati buruz jarduteko. Guztira, 50 bat liburu irakurri dituzte. Gaur egun 9 lagun dabiltza, baina denera 15 bat pasatuko ziren, uneren batean, taldetik.
Euskarazko liburuak irakurtzen dituzte beti, jatorrizkoak zein itzulpenak. Taldean elkartzea «tertulia egiteko modua» da, Tere Dorronsoro eta Sagrario Eskisabel kideek esan dutenez. Literaturaz eta literatura ez denaz. «Kuriosoa da bakoitzak zer etekin ezberdina ateratzen dion irakurgai berari, ikuspegi askorekin. Batzuei asko gustatuko zaie, besteei ez… Eztabaidak ere izaten ditugu».
Gaur egun, jubilatuak eta emakumezkoak dira kide ia denak Ataungo irakurleen artean. Hainbat idazle gonbidatu dituzte sei urteotan —Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Kattalin Miner, Joseba Sarrionandia…—, bai taldera, bai abenduko herriko liburu azokara.