Oiangu BTT sarian izango dira mendiko euskal txirrindulari onentsuenak
Bosgarren ekitaldia izango da aurtengoa eta Euskadiko irekirako puntuagarria da. Eguraldi ona egiten badu, zirkuitu berri bat estreinatuko dute. Larunbatean 16:30ean hasiko da lasterketa
Oiangu BTT sari nagusia jokatuko dute larunbatean, Ordiziako Oiangu parkean. Euskadiko irekirako puntuagarria izango da. Aurtengoa, bosgarren ekitaldia izango da, eta Erronka Bila taldearen eta BTTlandiaren ekimenez antolatu da. Lasterketa Ordiziako Oiangu parkean izango da. 16:30ean hasita.
Izen emateak asteazkenean itxi zituzten, eta 150 partaide inguru izango dira. Tartean BTT zirkuituko txirrindulari onentsuenak. Oiangun txapela janzteko faboritoen artean daude Gexan Albisu, Asier Otegi ordiziarra, Dario Silbestre, David Puente, Iker Eskibel, Karlos Gomez edo David Oteiza. Horietatik edozeinek ditu irabazteko aukerak.
Aurten, Euskadiko irekiko hirugarren proba izango da, eta sei proba dira guztira. Aramaion (Araba) izan zen lehena, Oiartzunen (Gipuzkoa) bigarrena, Ordiziako hirugarrena, eta hurrengoak izango dira, Irunberri (Nafarro) laugarrena, Barakaldo (Bizkaia) bosgarrena eta Izkuen (Nafarroa) izango da seigarren eta azken proba. Barakaldon Euskal Herriko Txapelketa ere jokatuko da.
Zirkuito berria
Antolakuntza taldea ilusio bereziarekin dago iazkorako prestatu zuten zirkuitu berria aurten estreinatu ahal izateko. Printzipioz eguraldiaren iragarpena ona da, ez dago euririk iragarrita, eta ondo bidean, posible izango dute estreinua. Euria egingo balu, azkeneko zatia aldatuko lukete. 3,6 kilometroko zirkuitu itxia da. Irteera, Goierri Eskolatik izango da.
Zortzi kategoria desberdinetan lehiatuko dira; elite eta 23 urtez azpikoak (6 itzuli); master 30 (5 itzuli); master 40 eta master 50 (4 itzuli); juniorrak (4 itzuli); emakumeak (4 (itzuli); eta kadeteak (3 itzuli).