Senegaldarren aldeko elkartasun azoka egingo dute asteburuan Legazpin
Gipuzkoako Booloo elkarteko emakumeek antolatu dute. Bigarren eskuko produktuak eta Senegalgo artisautza lanak salduko dituzte. Legazpin 15-bat senegaldar bizi dira
Senegalgo migratzaileen aldeko elkartasun azoka egingo dute Legazpin asteburuan Booloo elkarteko emakumeen ekimenez, eta herrian bizi diren senegaldarren laguntzarekin. Era askotako produktuen salmentaren bidez, kolektibo horrentzako dirua biltzea da helburua, Gipuzkoan bizi diren senegaldarrei ikusgarritasuna ematearekin batera.
Salmenta postuak Azokan jarriko dituzte, larunbatean eta igandean, 10:00etatik 20:00etara. Bigarren eskuko produktuak salduko dituzte batez ere, arropak, oinetakoak, jostailuak, liburuak… hemengo jendeak emandakoak. Senegalgo artisau lan gutxi batzuk ere salduko dituzte.
Legazpin 15-bat senegaldar
Booloo elkarteko emakumeek antolatu dute azoka, Legazpiko elkartekideen laguntzarekin. Astou Dia eta Samba Diop dira horietako bi, eta azokan izango dira, herrian bizi diren beste senegaldarrekin. «Legazpin 15-bat gara», azaldu du Sambak, gehienak Niomre herrikoak. Hangoa da bera ere; Legazpin ia 12 urte egin ditu, eta Euskaber enpresan egiten du lan. Astou, berriz, Dakarrekoa da, eta urte eta erdi darama Legazpin; sukaldari lanetan ari da Aitxuri jatetxean.
Asteburuan Gipuzkoan bizi diren senegaldar gehiagorekin elkartuko dira azokaren bueltan. Dirua lortzea da helburua, eta bi egun horietan «salmentan konzentratuko» diren arren, musika ere izango da. Diruaren erabilerari dagokionez, «Senegalgo jendea laguntzeko izango da, gaixorik daudenak, etxera itzuli behar direnak, pandemia garaian bezala janaria erosteko, edo Senegalera bidaltzeko».
Gipuzkoa osoko senegaldarren topagunea
Booloo elkartearen xedea Senegaldik Gipuzkoara etorritako migratzailei laguntzea da, jardueren eta kultura jardunaldien bidez. Kulturarteko harremana sustatu nahi dute, Senegalekin lankidetzan jardun, eta jatorri atzerritarreko pertsonen integrazioa bultzatu.
«Elkartu, taldea sortu» esan nahi du booloo hitzak Senegalgo hizkuntza ofiziala den woloferaz. Eta horixe egin zuten 2015ean Tolosaldean bizi ziren senegaldarrek. Tolosan ezarri zuten egoitza, baina Gipuzkoa osoan gauzatzen dute jarduna, baita Goierrin ere. Duela gutxi, Urretxuko Aniztasun jaian parte hartu du elkarteak.