Sortzaileen lana hauspotzera dator bigarren Arterialdia ere
Larunbatean Arterialdiaren bigarren ekitaldia egingo dute, Legorretako Herri Antzokian.
Arterialdiaren bigarren ekitaldia ospatuko dute Legorretako Herri Antzokian, larunbatean 10:00etan hasita. Ekitaldian, 2021eko diru laguntzen irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko dute. Herritar guztientzat irekia izango da.Hogei proiektu aurkeztu ziren eta hemezortzi pasa ziren bozketara. Plataforma atalean bi irabazle daude eta bilatzailea atalean ere bada irabazlea, baina biharko ekitaldian jakinaraziko dituzte.
Irabazle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu eta trukean bere proiektua hainbat herritan eskainiko dute. Berezitasun bezala esan, proiektua eskaintzeaz gain, sormen prozesua nolakoa izan den ere erakutsiko dutela. Izan ere, Arterialdiak uste du erakusketa gela, antzokiak, zinemak,… denak produktura edo obrara daudela zuzenduta, eta galduta geratzen direla sortzailea eta sormen prozesua ere. Izan ere, diru laguntza hauen helburuetako bat da, arte diziplina desberdinetan dabiltzan sortzaileen lana.
Bigarren urtez egin du ekimenak aurrera, eta orain arteko biek emandakoarekin «oso pozik» agertu da Asier Zinkunegi Arterialdiko antolatzaileetako bat.
Giza eskubideak oinarri
Bi deialdi, egoera oso desberdinetan garatu direnak. Lehenengo Arterialdia itxialdian deitu zuten. Bigarrena, berriz, egoerak normalera egin duenean. Guztira 42 proiektua eta bi ekitaldiek emandakoarekin «oso gustura» agertu da Zinkunegi. Aurtengorako aurkeztu diren lanetan arreta jarriz, antolakuntzako kideak nabarmendu du «kalitate handiko lanak» daudela.
Lantzen dituzten gaiei dagokienez berriz, inongo zalantzarik gabe adierazi du «gai oso garrantzitsuak jorratzen» dituztela; «emakumeek jasaten duten bortizkeria, kultur aniztasuna eta migrazio mugimenduak, sexu aniztasuna ere presente dago,…».
Lan guztiak giza eskubideekin uztartuta daude. Izan ere, Zinkunegiren esanetan, «oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure sortzaileek horrelako gaiak lantzea, zer pentsatua emateko gai desberdinen inguruan».