Trumoia eta kazkabarra
Ekaitza iritsi da Goierrira, eta hainbat herritan kazkabarra egin du.
Egunotako giro beroaren ondoren, trumoi ekaitzak iragarri dituzte astebururako, eta dagoeneko, aurrenekoak iritsi dira Goierrira. Legazpin kazkabarra egin du 15:45ak aldera, eta une batean, kaleak zuritu ere egin ditu. Hiru bat zentimetro arteko harri kozkorrak jaso dituzte, esaterako, Brinkola auzoan. Herriguneko hainbat kaletan estoldek gainezka egin dute, eta ur putzu handiak sortu dira kaleetan. Handik zabaltzen joan da denboralea, eta Ormaiztegin ere txingorra bota du.
Biharko ere gaurkoaren antzeko eguraldia dago iragarrita. Euskalmeten arabera, goizean ostarte zabalak agertuko dira, baina arratsaldean hodei dezente agertuko dira, eta trumoi-ekaitzak izan daitezke, zaparrada mardulekin eta baita txingorrarekin ere, zenbait lekutan.