Zumarragan itxitako zabortegian altzairu errautsak bota dituzte
Eusko Jaurlaritzaren ikuskatzaileek «arau hauste larriaz» ohartarazi dute. Geologoen txostenek zabortegiak egonkortasun eskasa duela azpimarratu dute
Berria egunkariak argitaratutako erreportaje baten arabera, milaka tona altzairu errauts bota dituzte Arcelor Mittalek Zumarragan zuen itxitako zabortegi batean, hain zuzen ere. Jaurlaritzaren ikuskatzaileek «arau hauste larriaz» ohartarazi dute eta geologoen txostenek zabortegiak egonkortasun eskasa duela azpimarratu dute.
Zaldibarko biltegia amildu zenetik, altzairuetako zepa beltzak botatzeko beste biltegi batzuk aurkitu behar izan dituzte sektore horretako enpresek. Berriak eskuratu duen informazioaren arabera, Zumarragan, 2016tik itxita dagoen zabortegi batean Arcelor Mittalen Olaberriko plantako hondakinak botatzen aritu dira. Berriak duen dokumentazioak agerian utzi du gutxienez urtebetez jardun direla horretan, aurtengo martxora arte. Gaur egun utzi egin diote errautsak botatzeari, baina makinak lur mugimenduak egiten ari dira bertan.
EH Bilduko Zumarragako zinegotzi taldea jabetu zen iaz kamioi asko sartzen ari zela Zumarragako Arcelor Mittalen instalazio horietara errautsak botatzera. Horren ondoren jakin zuten Arcelor Mittalek Zumarragako instalazio hori saldu egin ziola Hormor (Hormigones y Morteros Agote S.L.U) enpresari, baina hark ez daukala bertan aritzeko inongo baimenik, jardueraren ingurumen baimen bateratua Arcelorrek daukalako.
Lau errekerimendu
Jaurlaritzako ikuskatzaileek azken hilabeteotan lau errekerimendu egin dizkiote Arcelor Mittali zabortegi horren harira. Besteak beste, dauzkan egonkortasun arazoak konpontzeko eskatu diote, zigilatzean atzemandako akatsak zuzentzeko. Euste hormetan ikusi dituzten arrakalen berri eman diote, eta zabortegiaren segurtasunerako plan bat eskatu diote enpresari.
Zaldibarko zabortegia egonkortasun arazo larriengatik amildu zen. Halako instalazioen segurtasun faktoreak gutxienez 1,50ekoa izan behar du egoera normalean, eta 1,30ekoa saturazio egoeran. Zumarragan, ezponda guztietan, 1 ingurukoa da segurtasun faktorea drainatze egoki batekin. Saturazio egoeran, berriz, 0,91 eta 0,89 artekoak ziren bost ezpondetako segurtasun faktoreak. Zaldibarren, esate baterako, segurtasun faktorea 1 zen amildu zenean, peritu ikerketek agerian utzi zutenez.
Bestalde, instalazioen salmentaren berri izanda, Jaurlaritzak laugarren errekerimenduan arduradun bakarra Arcelor Mittal dela ohartarazi zuen. Ohartarazpen horren ostean utzi egin zioten Zumarragako zabortegira errautsak botatzeari. Nolanahi ere, zabortegiaren egonkortasuna eskasa zela bazekiten arren, gutxienez urtebetez aritu ziren altzairuetako zepak botatzen Zumarragan. Eusko Jaurlaritzak bazuen horren berri, errekerimendu horietako batean ohartarazi baitzuen horretaz.
EH Bilduren taldearen galderei erantzunez, Zumarragako Udaleko Hirigintza teknikariak aurtengo martxoaren 21ean kaleratutako ebazpen baten arabera, Hormigones y Morteros Agote S.L.U enpresa ari zen eremua erabiltzen altzairu hondakinak botatzeko. Alabaina, teknikariak zioen ez zuela eremuaren jabetzaren aldaketaren berririk.
Lur eremua Hormorri saldu
Aitortu zuen, halaber, Arcelor Mittalek udalari kontsulta egin ziola zabortegiko orubea bereizteari buruz. Udalak, baina, erantzun zion arau subsidiarioek ez zutela aukerarik ematen halako industria instalazioak bereizteko. Txostenak zioen inork ez ziola udalari jakinarazi jardueraren titulartasuna aldatu zela. Aitortu zuen, hala ere, Ordiziako notarioaren aurrean sinatutako idatzi batek frogatzen duela Arcelor Mittalek lur eremua saldu ziola Hormorri, eta udala 2021eko uztailaren 21eko diru bilketan ohartu zela horretaz. Txostenean, hirigintza teknikariak zioen Jaurlaritzak bazuela salerosketa horren berri.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gai honi buruz galdetu zion Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari urte hasieran. Erantzunetan Tapiak aitortu zuen bazekiela enpresa hori zepak botatzen ari zela Zumarragako zabortegian, baina gaineratu zuen horretarako obra baimena ematea ez zegokiola Jaurlaritzari.
Udalaren erantzuna
Zumarragako Udaleko Hirigintza teknikariak erantzun zion Tapiari. Zioenez, Arcelor Mittalek eta Hormorrek udalean egindako eskaera banari (partzelaren zati bat bereiztea galdegin zuen Arcelorrek, eta ke araztegietako instalazioaren eraisketa egitea, berriz, Hormorrek) ezetz erantzun zien udalak. «Ingurumen organoa da (Jaurlaritzari buruz ari da) zabortegiaren jarduera baimentzen duena, bai materialen joan-etorria eta gaien ezaugarriak kontrolatzen dituena, eta baita airera joaten diren isurketa posibleak ere».
Areago, udal txostenak «harrigarritzat» jo du Jaurlaritzaren jokaera. Jaurlaritzak udalari ez jakinaraztea Arcelor Mittalen Olaberriako plantako zepa beltzak itxitako zabortegi batean botatzen ari zirela, alegia.