Itziar de la Granja, Popatik, 'Herriak ez du barkatuko' eta 'Emakume jaio zara, hilekoa izango duzu eta ama izango zara' izan dira Arteria saridunak
Arteria sormen lantegiak Goierriko hainbat udal eta ikastetxerekin egin du lan aurten giza eskubideak eta sormena lantzeko, Arteria Errizoma Eskolan ekimenaren bidez.

Eskualdeko hainbat udalekin eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikaslerekin elkarlanean aritu da Arteria aurten giza eskubideak eta sormena lantzen, Arteria Errizoma Eskolan ekimenaren bidez. Arterialdiaren II. jardunaldia egin dute gaur goizean Legorretako Herri Antzokian, eta garatutako proiektu horien berri emateaz gain, Arteriaren diru laguntzen sariak banatu dituzte. Itziar de la Granjak, Popatik proiektuak, ‘Emakume jaio zara, hilekoa izango duzu eta ama izango zara’ proiektuak eta ‘Herriak ez du barkatuko’ proiektuak jaso dituzte Arteriaren diru laguntzak. Aurtengo deialdian 21 proiektuk parte hartu dute, eta 18 pasa dira bozketara. 14 proiektu Arteriaren plataforma atalean izan dira, eta beste 4 Arteriaren bilatzailearen erabilera sustatzeko diru laguntzetan. Besteak beste, arte klasikoa, ikus-entzunezkoak, pintura, bertsolaritza, arte eszenikoak edota poesia diziplinetako ekimenak aurkeztu dira, eta jorratutako gaiak ere askotarikoak izan dira, giza eskubideak oinarri: hezkuntza eta nortasuna, covid19-a eta izua, emakumea eta jasaten duen bortizkeria, Euskal Herriak jasan duen gatazkak sortutako eskubideen urraketa larruak, maitasuna, maskulinitate ereduak, transexualitatea, askatasun sexuala eta sexu identitatea…
Bilatzailearen erabilera sustatzeko diru laguntza Itziar De la Granjaren proiektuarentzat izan da. Ekitaldian saskigintza lantzen ibili da zuzenean. “Artetik baztertuta dauden herritarren inguruko ikerketa batetik jaio zen proiektua. Erlauntzaren teknika erabiliz, pertsonen arteko kolaborazioa eta parte hartzea sustatzea du helburu; harreman sozialak saretu eta bazterrean daudenentzako nolabaiteko aterki bat sortzea, bertan aterpe bat izan dezaten, transmisio moduetan sakondu eta elkarri begiratzeko beste modu bat bilatzeko”, azaldu du De la Granjak.
Arteriaren plataforma atalean bi diru laguntza banatu dituzte. Bozka gehien lortu dituen proposamena Popatik proiektu poetiko eta musikala izan da. Ekaitz Goikoetxea proiektuko kideak ikastetxeetan egindako lana nabarmendu du saria jasotzerakoan: “Zoriondu ikastetxeei egiten ari diren lanagatik, sormenari bizkarra emanda bizi den eskola bat ez da eskola. Hurrengo urtera begira erronka izango da bigarren hezkuntzan ere giza eskubideak eta sormena lantzea”. Sariari dagokionez, Xabier Crehuet-ek, Aingeru Mayor-ek eta Goikoetxeak berak landu duten diziplinartekotasuna azpimarratu du: “Bertsoa, kantua, poesia…eta Aingeruren figura daukagu transexualitatearen eta sexologiaren inguruan. Jorratzen ditugun gai asko tabu dira oraindik. Sexua, maskulinitate ereduak…maitatzeko moduei buruz hitz egiten dugu, baina izan beharko genukeen sentiberatasunaz, gerraz…ere hitz egiten dugu. Izan gizon, izan emakume edo izan ez bitar, oso pozik gaude aukera izan dugulako guk oso gustura sentitutakoa eta sortutakoa herriz herri aurkezteko”.
Hirugarrena partekatu egin dute
Arteriaren plataforma ataleko beste diru laguntza ‘Emakume jaio zara, hilekoa izango duzu eta ama izango zara’ eta ‘Herriak ez du barkatuko’ ekimenen artean banatzea erabaki dute sortzaileek, berdinketa egon baita. Jenny Arevalok azaldu du ‘Emakume jaio zara, hilekoa izango duzu eta ama izango zara’ proiektuak emakumearen hilerokoa eta amatasunaren artean dauden tabuak askatzen dituela : “Ezkutuan dauden gauzak hartzen ditu kontuan”. ‘Herriak ez du barkatuko’ proiektua, berriz, izen bereko liburuan du abiapuntua: “Humanizazioa jartzen du erdigunean, Euskal Herrian azken hamarkadetan bizi izan dugun giroaren aurretik pertsonen mina eta sufrimendua ikusaraziz, ezberdintasunen aurrean errespetatuz, izan arraza, erlijio, ideologia edo kultura, elkarri entzunez eta elkarrengandik ikasiz”, adierazi du Irati Goikoetxeak.
Bigarren Arterialdia
Bigarren urtez antolatu dute Arterialdia. Sormen lantegi bat da, Goierriko sortzaileak eta gizarte eta kultur eragileak biltzen dituena. Tartean, kulturartekotasuna, genero berdintasuna eta gizarte inklusioa ditu lan helburu nagusi. Gizarteak dituen arazoen inguruan hausnartzen eta arazoei konponbidea bilatzen ahalegintzen dira sareak sortuta. Gaurko ekitaldian, Esanezin abeslariak, German Urteaga bertsolariak, Kimua dantza taldeak eta Sergio de la Fuente margolariak ere parte hartu dute.