Ataungo Mitoaldia ekainaren 25etik uztailaren 9ra izango da
Gaueko Ibilaldi Mitologikoa itzuliko da, bi txandarekin, azken egunean. Aurrez kobazulora eta Aralerra irteera gidatuak, hitzaldia eta tailerrak egin ahalko dira.
Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteak gaur jakinarazi du V. Mitoaldiko egitaraua. Ekainaren 25ean hasiko da, eta uztailaren 9ra arte, ohiko osagaiekin gorpuztuko dute euskal mitologiaren erpin ugariak ezagutarazteko eta gozarazteko eskaintza.
Troskaetako kobara irteera espeleologikoa izango da aurreneko jarduera. Jon Fontenlak eta Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko adituek gidatuko dute. Ekainaren 25ean, 08:30ean izango da, eta aurrez izena eman beharko da.
Juan Kruz Igerabide idazlea gonbidatuko dute, bestetik, hitzaldiaren atalerako. Uztailaren 1ean, 19:30ean, Barandiaran Museoan, Zazpi koloreko herensugea saioa egingo du adunarrak. Museoan bertan eta udalekuetako taldeentzat, bestetik, mitologiaz tailerrak egiteko modua izango da, uztailean zehar.
Bigarren irteera gidatua Joxean Mujika arkeologo beasaindarrak gidatuko du, Igaratzan. Arbasoen arrastoan izeneko ibilaldi gidatua egin ahalko da EHUko irakaslearen azalpenak entzun bitartean. Uztailaren 2an, 08:00etan hasiko da.
Azkenik, Gau Ibilaldi Mitologikoa itzuliko da, uztailaren 9an. Bi txanda antolatuko dituzte, 20:00etan lehena eta 20:30ean bigarrena. Ohi bezala, ibilaldia egunaren eta gauaren arteko mugan, eta San Gregorio auzoko Barandiaran museo aurretik San Martin auzoko plazara egingo dute (3 km, hiru ordu). Bidean, antzezpen berriak egingo dituzte Jentilbaratzako kideek.