Beasaingo enaren errolda idazten hasi dira
Aranzadi elkartea, beasaindarren laguntzarekin, herriko enara habiak lokalizatzen ari da. Datuak edonork eman ditzake, Beasaindik kanpokoak ere bai. Enaren populazioa neurtzea da helburua.
Enara kopurua behera doa», ohartarazi du Olatz Aizpurua Aranzadi elkarteko biologoak. Kopuru zehatzetan, ordea, ez daki zenbat. Bilakaera ezagutzeko hegaztien errolda egitea «beharrezkoa» dela esan du. Txoriak banan-banan zenbatzea baino errazagoa da habiak behatzea, urtero-urtero bera erabiltzen dutelako. Dena den, Euskal Herri osoko inbentarioa egin nahi dutenez, lan asko dute aurretik, eta boluntario sarea osatu dute zama arintzeko. Uztailaren 15era arte ahalik eta habia gehien identifikatu nahi dituzte eta urtez urte jarraipena egin.
Enarak hobeto ezagutzeko bilera informatiboa eskaini zuen aurreko astean Maite Laso lankidearekin batera Beasaingo udaletxean. Hamar lagun elkartu ziren: enarak bereizten, beraien ezaugarriak, habiak non egiten dituzten… ikasi zuten. Orain, bakoitza bere kasa dabil. Jasotako datuak ornitho.eus zientzia atarian bilduko dituzte; gero, Kutxa Fundazioarekin batera diseinatzen ari diren bisore digital batean ikus ahal izango dira. Denen esku egongo da.
Datu basea osatzeko ez da beasaindarra izan beharrik edo inon izena eman beharrik. Edonork egin dezake, Goierriko edozein txokotako informazioarekin. «Ahalik eta habia gehien identifikatu behar ditugu, informazio osatuagoa izateko», bota du amua Aizpuruak.
Zergatik ari dira enarak galtzen? «Habiak egiteko zailtasunak dituzte», erantzun du biologoak. Gainera, gizakiak eraitsi egiten dizkie zaharrak, inguruan sortzen diren zikinak deserosoak bilakatzen dituelako. «Konponbide erraza du, baina ez dago informaziorik». Kendu eta jarri egiten den apal moduko bat ipini behar da habien azpian, zirinak lurrera eror ez daitezen.
Informzioa
Egitasmoarekin, bide batez, ezagutzan ere sakondu nahi dute. Enarak «ezinbestekoa» direla esan du. Zomorroak eta bestelako intsektuak jaten dituzte, eta ekosistemaren oreka bermatzen dute. Horrenbestekoa da beraien garrantzia, espezie babestua dela.
Informazioa enarak babesteko ere erabili nahi dute. «Udalek jakin dezatela zer eraikinetan dauden; eta, eraikinak edo teilatuak berritzeko orduan, enarak aintzat har daitezela».