Betiko Legoreggae ate joka
Legorretako Legoreggae jaialdiaren zazpigarren edizioan izango dira Errege Sound System, DJ Monky Man, Gwa Ya Reggae Band, Bad Sound, Belen Natali eta Mellow Mood
Ate joka dago Legoreggae jaialdia. Larunbatean izango da, Legorretako Harripila kiroldegian 22:00etatik aurrera. 2015ean egin zuten lehenengoz. Edizio hartan ez zuten pentsatzen bigarren bat egingo zutenik ere. Baina izandako arrakasta ikusita, hurrengo urterako bigarrena egin zuten, ondoren, indarra hartuz joan zen urtez urte, 2020 urtean etena egin zuten COVID-19agatik, 2021ean itzuli ziren momentu horretan zeuden segurtasun neurriak betez, eta aurten bai, «betiko Legoreggae» itzuliko da. Hortaz ari garela, aitortu dute, «10. ediziora» iristea gustatuko litzaiekeela. Baina momentuz, larunbatean ospatuko duten zazpigarren Legoreggae jaialdian jarrita dute energia guztia.
Zeren «ilusio bereziarekin» dago antolakuntza taldea; «izango diren artisten mailagatik», baina gainera, «betiko Legore-ggaeren itzulera» delako. Jaialdian parte hartuko duten musikariek jarriko duten erritmora jendea dantzan ikusteko «irrikitan» daude.
Anitza eta goren mailakoa
Proposamen oso-oso interesgarriak eta izen potoloak biltzen ditu kartelak, jaialdiaren sorreran pentsaezinak zirenak, baina urteetako lanaren eta «Revolutionary Brothersen» laguntzari esker, «posible» izan dena. Euskararen presentzia bermatuko duten inguruko talde onentsuenen eta nazioarte mailako sona handiko artisten nahasketa izango da. Genero ikuspegia ere oso kontutan izan dute, antolakuntzak irudi duelako «oso garrantzitsua» dela emakumezkoen presentzia eskenatokietan. Beraz, jaialdi benetan anitza aurtengoa ere.
Arratsaldean, poteoa izango da Errege Sound System iruindarrarekin. Tabernaz taberna ibiliko dira 18:00etatik aurrera.
Gauean, Harripila kiroldegian, 22:00ak inguruan hasiko da Monky Man ordiziarra giroa berotzen. Jarraian, Gwa Ya Reggae Band talde orduñarra izango da. Esperientzia handiko musikariek osatzen dute taldea eta ikutu berezia duen musika estilo bat ekarriko dute. Euskal eszenako azken taldearen aurkezpenak ezer gutxi du esateko; Irungo Bad Sound talde aitzindaria. Euskal reggae eszenaren oinarriak jarri ditu talde honek eta Legoreggaek aurrera jarraitzeko eragina izan dute.
Nazioarteko artisten artean, Belen Natali argentinarra dago. Bartzelonan bizi da eta estatuko reggae artista onentsuenen artean mugitzen da. Proposamen interesgarria dakar argentinarrak (reggae, dub, trip-hop…), freskotasuna eta indar handiko zuzenekoa du eta ikusleekin segituan konektatzeko abilezia. Amaitzeko, kartelburua; Italiatik, Mellow Mood. Itzela da reggae banda hau Legoreggaen izatea. Mundu mailan oso ezagunak dira anaia biki hauek eta azken urteetako reggae musikaren ereserkietako batzuk sortu dituzte. Mundu osoko jaialdi ospetsuenetan egon dira. Esperientzia handia eta zuzeneko oso ona dute. Galdu ezin den aukera horietako bat da Mellow Mood zuzenean ikusi ahal izatea.
Sarrerak
Artista horiek ikusteko aukera ez galtzeko, sarrerak erostea ezinbestekoa da. Horretarako sartu www.evenbrite.com webgunean.