Iñigo Marotiasek eta Asier Pazosek Ampo Ordiziako entrenatzaile kargua utziko dute
Aldaketak iragarri ditu Ordizia Rugby Elkarteak. Marotiasek klubeko kirol zuzendari postuan jarraituko du. Laster jakinaraziko dute entrenatzaile berriaren izena.
Denboraldia bukatzearekin batera, aldaketak iragarri ditu Ordizia Rugby Elkarteak. Iñigo Marotias eta Asier Pazos teknikariek Ampo Ordiziako entrenatzaile izateari utziko diote.
Klubak azaldu duenez, “erabakia aspaldi pentsatuta” zegoen, orain jakinarazi badute ere. Denboraldia bukatu arte itxaron nahi izan dute publiko egiteko. Erabakia “ora arte egindako lanak eragindako higadura eta nekearen ondorio” dela azaldu dute.
Iñigo Marotiasek kirol arloko buru izaten jarraituko du, hala ere, iaz hartu zuen klubeko kirol zuzendari postuan.
Entrenatzaile berriaren bila
Bestalde, entrenatzaile postua bilatzeko lanetan “denbora bat” daramala azaldu du OREk, eta dagokionean jakinaraziko dute postu hori beteko duenaren izena.
Klubak, “onena” opa die Marotiasi eta Pazosi hemendik aurrerako ibilbidean, eta esker ona agertu die urte hauetan guztietan egindako lanagatik.