San Adrianera erromesaldia eta alkate-makil trukaketa, igandean
Idiazabalgo plazatik abiatuko da erromesaldia. Autobusez joateko, izena eman behar da. Eguerdian alkateen makila trukea eta hamaiketakoak izango dira, eta arratsaldean, pilota.
Igandean, ekainaren 12an, San Adrianera erromesaldia egingo da. Ohi bezala, San Adriango ekitaldiaren ondoren, alkate-makil trukaketa egingo dute Zegaman eta Seguran. Pilota txapelketarekin amaituko da eguna. Idiazabalgo plazatik abiatuko da erromesaldia, 07:30ean. Autobusean joateko aurrez izena eman behar da 663 626 196 telefono zenbakian edo liburutegian. Otsaurteko bentara joango dira, eta 07:45ean hasiko da ibilaldia bertatik. San Adrianen topaketa 09:30ean izango da. Anisa banatuko zaie bertaratzen direnei. Aurten, ez da mezarik izango.
Ondoren, ekitaldi instituzionalak egingo dituzte, eguerdian. Zegaman 12:00etan egingo dute alkate-makil trukaketa, eta Zegamako herriak eskainitako mokadutxoa egongo da. 13:00etan, berriz, Seguran egingo dute alkate-makil trukaketa, eta Segurako herriak eskainitako mokadua gero. 14:00etan, bukatzeko, Idiazabala iritsiko dira erromesak, Birigarro txistulari taldeak lagunduta.
Arratsaldean pilota jaialdiarekin amaituko da San Adriango erromesaldiko egitaraua. Pilota txapelketa jokatuko da Igarondo pilotalekuan, 17:00etan.