«Gure hizkeran idatzi ez izanak zer pentsatua ematen du»
Oscar Wilderen 'Dorian Grayñ erretratue' eleberria goierrieraz jarri du Aitor Azpiazuk (Ormaiztegi, 1978). Lehen lana da osorik Goierriko hizkeran argitaratu dena. Bailarako erdialdeko eredua aukeratu du.
Goierrieraz jarri duzu, baina erdialdeko goierrieran, zehatz.
Aitor Aranak goierrieraz jartzeko esan zidan, baina gehienez Goierri erdialdekoan egingo nuela esan nion, zeren Goierrin eredu asko daude. Ezin da bakarra egin, lau edo bost eredu badaude errespetatu behar direnak: Goierri erdikoa, Ezkiotik Ordiziaraino; Legazpikoa, Zegamakoa eta Ataungoa. Segurakoa eta Zaldibiakoa hain nabarmenak ez, baina nortasuna daukatenak dira.
Zergatik erdiko aukera?
Nik egunero egiten dudan eredua hori delako, gora-behera guztiekin, beti ez baita erraza. Sarreran aipatzen dut, ‘bea etorri zan‘ nola jarri hika? Nik ‘bea etorri zian‘ esango nuke, baina erdialdean ‘bea etorri huan‘ da. Garbi utzi dut nire testuinguruan eta garaian egindakoa dela.
Denboraren aldagaia ere pisuzkoa da hizkuntzan.
Bai. Kontuan hartu behar da Goierrin hizkera aldatzen ari dela. Orain dela ehun urte, Barandiaranek Ataunen zapatua eta jaia jaso zituen, bertako hizkera bezala. Gaur egun larunbata eta igandea da. Hori ari da gertatzen. Bestetik, gauza kuriosoak ari dira gertatzen. Gaur egun ulertu nagusitu da, baina gure zaharren munduan entendittu da; guk idatzi esaten dugu, eta aurreko belaunaldikoek eskribittu, guk erdarakadatzat daukaguna. Gure hizkera propioak ere bere bidegurutzeak dauzka.
Euskara batuaren eta euskalkien arteko dikotomia edo ikamika bada. Zer iritzi duzu?
Niretzat dikotomia hori artifiziala da. Euskara batuak euskalkia behar du, eta euskalkiak batua. Joatekotan, biak joango dira aurrera. Orduan, bata bestearen arteko jokabide hori ez da soziolinguistikoa ere. Gehiago da zenbaitek pentsatu nahi duten zerbait. Ez du heldulekurik.
Lan hau ez da araua jartzeko era bat. Nire ikuspegia da, oso erlatiboa; ez da inorentzat ez legea, ez araua. Niri horrela atera zait, baina seguru gure inguruko beste bati beste era batera aterako zitzaiokeela. Oso pertsonala da.
Goierrieraz literaturan erreferentziak urriak dira.
Ez dugu oraindik erabat baieztatu, baina ematen du goierrieraz ateratako lehenengo lana dela. Idazle klasiko goierritarrek ez zuten goierrieraz idatzi. Goierrieraz gauzak idatzita badaude, baina bilketa bezala. Barandiaranek Ataunen, Xabier Azurmendik Zegaman, edo nik egindakoak ere goierrieraz jasota daude. Baina hizkera hori ez da lanaren ardatza, baizik beste hizkera batean hasi, eta adibideak goierrieraz emanda.
Zalantzak argitzeko norengana jo duzu?
Laguntzaile batzuk izan ditut. Bat, Beñat Garmendia lazkaotarra. Lazkaoko bertsio propioa egin zuen berak lehenengo, niri laguntzeko. Jose Luis Ugarterekin eta Aitor Aranarekin arazo teorikoez aritu naiz gehiago: zer den goierriera, zer ez, gauza batzuk nola azaldu behar diren…
Nola esplika daiteke goierrieraz horren gutxi idatzi izatea?
Hizkera propio bat daukagu, eta ez dugu idatzi. Zer pentsatua ematen du. Goierrierak etorkizunik badauka idatzi gabe, eskolara iritsi gabe? Sukaldeko eta kaleko hizkera bat da, eta, hala eta guztiz ere, ez dauka erabat galduta bere bizitasuna eta presentzia soziala. Konparazio batera, Zumarraga-Urretxuko hizkera zaharrari pasatu ez zaiona.
Elkarrizketa hau bera goierrieraz publikatzea nahi zenuen.
Bai, garrantzia ematen diot. Beterritarrek, gure aldean, 1700etik 1960-70 arte gutxienez beterrieraz idatzi dute. Ez idatzi bakarrik; bertsoak kantatu, ipuinak, elizako liburuak eta beste gauza asko. Gurean, ordea, ez dugu goierrieraz funtzionatu, eta hori bitxia da. Gaur egun, euskara batuak bere lekua izan behar du, baina herri hizkerara jotzen dugunean gure eredurik ez edukitzea harrigarria da, erabat.
Zergatik ote da hori?
Susmoa bakarrik daukat: Beterrikoak lehenago hasi ziren idatziz jartzen, prestigio bat eman zion, eta horri eskerrak, Goierrin beti pentsatu izan dugu haien hizkera landuagoa eta aberatsagoa dela; hala izan gabe.
Tolosako euskara on mitikoa?
Bai. Baina, aldi berean, inork ez daki Tolosan zein den bertako hizkera. Muga da. Ezagutzen ez den gauza bat —eta seguru asko esistitzen ez den gauza bat horrela goraipatzea, hori da bitxia. Ikuspegi hori desagertu da; orain, beste era bateko eredua batua da, ez beterriera. Eta hau ere bitxia da: beti eredu izan direnak beren eredu propioa galtzen ari dira. Hemen, ordea, ematen du oraindik ere eusten zaiola gure hizkera honi.
Aitor Aranaren asmoa, euskalki guztietan ematea
Oscar Wilde idazlearen ‘Dorian Grayren erretratua’ Aitor Arana idazle eta itzultzaile legazpiarrak euskalki guztietara bihurtzeko egitasmoa hasi du.
Azpiazuren goierrierazko bertsioa argitaratutako lau lanen arteko bat da. Azpeitiko hizkeran Imanol Azkoitiak, eta Aranak berak hego goi-nafarreran eta zaraitzueran eginak dituzte besteak.
Aranak lan hori nerabezarotik du gustuko. Euskalkietan, etorkizunerako altxor izan daitezen, kutsu erlijiosoko gaietatik apartekoa eta ondo zehaztu gabea izatea dira beste zioak.