Negutegikoaren eta aire librekoaren arteko aldea
Udako barazkiak ugaritzen ari dira astetik astera, emankor atzoko feria ere. Harriak eragindako kalteak hitzetik hortzera.
Lainotsu baina giro egokia, 18 gradu inguru. Landare saltzaileak oraindik ere bizi-bizi ari dira. Hor ikusten da nabarmen negutegiko eta aire libreko ekoizpenen aldea, garaiari dagokionez batez ere. Monteseneko postuan, atzo esate baterako, piper italiarra eta pipermina salgai eta aldamenean horien landarea ere bai. Eta garaia da aldatzeko ere. Gernika piper landarea bukatua baina bestelakoak oraindik ondo saltzen dira.
Patxi Izagirrek zioenez «San Isidrotik San Antoniora aldatu behar dira udakoak», maiatzaren 15a eta ekainaren 13a artean alegia. Beraz bizkor ibil dadila oraindik egin ez duena. Beste piper bat zerrendara gehitzeko, atzo lehen piper luze gozoa ekarri zuen Azkoitiko Uzinek (8€/k), baita kuiatxo edo kalabazina ere (3€/k) negutegikoak biak.
Lehen luzokerra ere ikusi genuen Mutiloako Juanita Murgiondok ekarria (2 €/k). Postu atzeko aldean Lililum eta beti bizi esaten dioten lorez osatutako sorta ederrekin.
Lore sortekin segituz Arantxa Zurutuzak ekarritakoak ere ikusgarriak Peruko Lirioa, Kalendula eta Liliumak nahastuz osatua 5 €/sorta.
Harriak hondamendi handia
Joan zen astean aipatu genuen laster Gabiriako gerezia salgai izango zela ferian. Nork iragar zezakeen naturaren erasoa? Joan zen ostiral arratsaldean «Zerain eta Legazpi artean izan zen barra beldurgarria sekulako harri jasa egin zuen, intxaur eta hostoz arbolapea alfonbratua gelditu zen, negutegia ere pika-pika eginda, zulo eta guzti, intxaur adineko kozkorrak», adierazi zuen Juanita Murgiondok. «Letxuga hostoak metro karratuan zabalduta gelditu ziren eta landare berriak txiki-txiki eginda, tomateak hostorik gabe, makila hutsean» horrelakoak izan ziren atzo hitzetik hortzera.
Gabiriako Joxe Antonio Elosegik berriz atzo gereziekin etortzeko asmoa zuen baina esku hutsik etorri zen, argazkiak lekuko, gereziak lurrean, sagar asko hondatuta, «errezila salbatuko den esperantza badut, oraindik alea txikia duelako baina gerezia, guztira kaxakada libratu bada… eta San Juan sagarrik ez dakit izango ote den ere».
Mahai gainean salgai zena lehen India mahatsa (15€/k), Aramako Arantxa Zurutuzak.
Ziza gutxi aurten
Perretxikoei dagokionez, lehen gibel urdinak izan ziren atzo Lasaren postuan kilo eta erdi (30€/k). Aurreratzen ari da ekaina eta ezin esan aurten udaberriko ziza urte emankorra izan denik. Garbiñe Barandiaran Gasteizkoak atzo zuen azken astea.