Gaintzako alkate kargua utzi du Gaizka Balerdik
Ignacio Javier Garmendia zinegotziak hartu du alkatetza. Lehen ere alkate izana da. Balerdik zinegotzi izaten jarraituko du.
Gaintzako Udalean buru aldaketa izan da. Gaizka Balerdi Olaetxeak alkate kargua utzi du, eta Ignacio Javier Garmendia Arruabarrena zinegotziak hartu du. GAO aldizkari ofizialean gaur argitaratu dutenez, maiatzaren 25eko udalbatzaren bilkuran hartu zuen kargua Garmendiak. 2007-2011 agintaldian ere alkate izan zen.
Balerdik arrazoi pertsonalak argudiatu ditu alkatetza uzteko. “Denbora asko eskatzen du horrelako lan batek. Urteak neramatzan karguan, eta nire proiektu pertsonalak lantzeko denbora behar dut. Udaletxean laguntzen jarraituko dut”, azaldu dio egunkari honi Balerdik.
2015eko ekainean hartu zuen alkate kargua Gaizka Balerdik, eta harrezkero udalburu izan da, 2019ko udal hauteskundeen ondoren ere izendapena berretsita. Aurrez, 2011-2015 agintaldian zinegotzi izan zen. Orain ere, nahiz eta alkate izateari utzi, zinegotzi izaten jarraituko du. Bost zinegotzi ditu Gaintzako Udalak.