Igandean jokatuko da Segurako San Joan txirrindulari proba
San Joan jaien aurretik egingo dute aurten afizionatu mailako lasterketa. Segura, Zegama, Liernia eta Zerain artean ibiliko dira.
Segurako San Joan txirrindulari proba jokatuko da igandean, Elite eta 23 urtez azpiko afizionatuen mailan. Euskaldun txapelketarako proba puntuagarria izango da. Segurako San Joan jaiak hilaren 23tik 26ra izango dira, eta orain arte proba herriko jaien baitan jokatu bada ere, aurten bi astez aurreratu dute. 10:00etan herriko plazatik abiatuko da afizionatuen pelotoia eta 131 kilometroko ibilbidea osatuko dute.
Seguratik Zegamara joan-etorria egin beharko dute ziklistek hasteko, eta ondoren Lierniko ohiko zirkuituari sei itzuli eman beharko diote. Lasterketa amaieran Zeraingo mendatea igo beharko dute. Lehenengo txirrindulariak 13:15 aldera helmugaratzea espero dute. Euskaldun torneoko azken-aurreko lasterketa izango denez, torneoa irabazteko faborito diren txirrindularien arteko lehia estua espero da. Laboral Kutxa taldeko Xabier Berasategi olaberritarra sailkapenean lehenengo postuan doa, eta talde bereko Enekoitz Azparren bigarren. Ikuskizun bikaina ematea aurreikusi dute.
Hurrengoa, hilaren 27an
Segurako Txirrindulari Elkarteak lasterketa segurtasun osoz egin dadin boluntarioen laguntza beharko du igandean. Bidegurutzeak zaintzeko boluntario lanak egiteko prest dauden herritarrak elkartearekin jarri behar dira harremanetan.
Seguran jokatuko den hurrengo proba ekainaren 27an izango da. Junior mailako Gipuzkoako Itzuliaren 3. etapa jokatuko da.