Lazkaon bihar zabalduko dute udako igerilekua, hiru hilabeteko denboraldirako
Murrizketarik eta Covid arau berezirik gabe itzuliko da kanpoko igerileku zerbitzua. Irailaren 11ra arte egongo da zabalik, etenik gabe goizetik iluntzera. Lehenengo astean, goizez bakarrik
Lazkaoko kanpoko igerilekuetan bihar hasiko da udako bainu denboraldia. Irailaren 11ra arte, hiru hilabetean gozatu ahalko da, 2019ko baldintza beretara itzulita. Izan ere, Covid-aren bi urteetako edukiera, murrizketa, partzelazio, bainu denbora eta ordutegiak desagertuko dira, eta atzera nahieran erabili ahalko dira Barandiaran kiroldegiko aire zabaleko igerilekuak.
Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:30era izango dute, etenik gabe. Hala eta guztiz, ekainaren 13tik 17ra eta 20an eta 21ean arratsaldez bakarrik (14:30-20:30) irekiko dute, ikastola bukatu arte. Asteburuan, egun osoan. Txandarik ez da behar, noski.
Kiroldegiko sarrera nagusia erabili beharko da. San Jose aldeko atea itxita egongo da.
Bonuak ateratzeko aukera
Igerilekuko ohiko zerbitzuak martxan egongo dira: etzaulkiak, eguzkitakoak, dutxak eta gozoki, kafe, izozki nahiz edari makinak.
Bonuak ateratzeko aukera ere badago. Denboraldi osorako familia-bazkidetza 87,20 euro eta banakako heldua 59,75 eta banakako umea 29,70 euro da. Jubilatuena, banakakoa 44,75 eta familiakoa 65,25. Sarrera bakar arrunta helduarena 5,55 eta umearena (18 urtez behera) 2,95 da. Hamar sarreradun bonua ere badago, 38,30 edo 20,55 euroan.
Haurren triatloia bihar jokatuko da
Igerilekua irekitzearekin bat, IV. Eskolarteko Antzar Triatloia jokatuko da, bihar, Lazkaon. 11:00etan hasiko da, kiroldegian, Tri-Antzarren eskutik. 2008tik 2015era jaiotakoek parte har dezakete, lau adin mailatan. Igerian, bizikletan eta korrika egin beharko dute.