Transzikloa gaur hasiko da
Transzikloaren bosgarren edizioa Zarata audiogidarekin hasiko da. Bi antzerki emanaldi izango dira eta liburutegiak LGTBI+ gida eratu du
Transzikloa gaur hasiko da, urteroko helburuarekin: pertsona transexualak ikusarazi eta euren errealitateak ezagutaraztea.
Zikloaren mamia ekainean pilatuko da, harrotasunaren hilabetean: gaur, esaterako, Zarata audiogida entzungai izango da Igartza Jauregian. Antzerkia izango da protagonista. Bi emankizun prestatu dituzte: Meri, Mari eta Lari, haurrei zuzenduta eta Tarara, helduentzako. Amets Arrospide Berdintasun zinegotziak transexualitatearen auzia etengabe landu behar den gaia dela azaldu zuen, txikitatik hasita. Aurrenekoan, haurdun dagoen emakume bati haurra neska ala mutila zer izango den etengabe galdetuko diote eta, hari horri tiraka, genero aniztasunaz hausnartuko dute era ludiko batean; bigarrengoa 1970. hamarkadan kokatutako istorio bat da. Alabarik gabeko ama baten, amarik gabeko alaba baten eta prostituta baten biziak gurutzatu egingo dira.
Udal Liburutegiak LGTBIQ+ irakurketa gida ondu du. Protagonistak homosexualak edo transexualak diren liburuen edo gaiaren inguruko tituluen zerrenda bat da, katalogo guztiaren artean nabarmentzeko.
Herritarren bultzada
Leire Artola alkateak Beasainek urte osoan duela kontzientzia azpimarratu zuen aurkezpenean. Maiatzaren 17an homofobiaren aurkako egunean kaleratutako ikus-entzunezkoa eta Beasain Parekide berdintasun plana aipatu zituen. Herritarren «inplikazioa» eta «parte hartzea» ere nabarmendu zituen, eta emandako pausoak gizartearen lanari esker lortutakoak direla esan zuen.
Transzikloa
· Gaur. Zarata audiogida, Igartza Jauregian, 16:00etatik aurrera.
· Ekainak 17. Meri, Mari eta Lari, Gernika pasealekuko frontoian, 17:30ean.
· Ekainak 24. Tarara, Usurbe Antzokian, 20:30ean. Sarrera, hamabi euro.