Xabier Berasategi afizionatuen Italiako Giroan izango da
Ekainaren 11tik 18ra, zazpi etapako itzulian parte hartuko du olaberritarrak, Laboral Kutxa taldearekin. Amateur mailako onenak elkartuko dira 'Girinoan'.
Xabier Berasategi txirrindulariak (Olaberria, 2000) amateurren egutegiko munduko proba garrantzitsuenetako batean parte hartuko du, bihartik aurrera. 23 urtez azpikoen Italiako Giroa korrituko du, Laboral Kutxa taldearekin. Ekainaren 11tik 18ra, zazpi etapa jokatuko dira, atseden egun bat tartean dutela.
Laboral Kutxa bigarren urtez gonbidatu dute afizionatu mailako Girora (‘Girino’ bezala ezagutzen da). Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Ailetz Lasa, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia ziklistak eramango ditu. Iaz Xabier Isasa urretxuarrak izan zuen aukera, eta gaur egun profesionala da Euskaltel-Euskadin (taldearen harrobikoa da Laboral Kutxa).
Munduko 15 herrialdetako 35 talde lehiatuko dira Italiako Giroan, 23 urtez azpiko onenaren titulutzat kontsideratzen den proba irabazteko irrikaz. Ibilbidea menditsua izango da, erlojupekorik gabekoa eta atseden egun batekin. Bigarren etapak 3.430 metroko desnibela du, Tonale, Passo di Guspessa eta Valfurva mendateekin. Seigarren etapa Colle Faunieran bukatuko dute, 2.480 metroko garaieran; 21,2 kilometro luzeko igoera % 7,5era dauka azken mendate horrek.
Denboraldi bikaina osatzen ari da Berasategi Euskal Herriko egutegian. Euskaldun txapelketa irabaziko du, azken lasterketaren faltan, matematikoki berea baita puntuaketa. Larunbatean Beasaingo Loinatz proba irabazi zuen.
23 urtez azpiko Italiako Giroaren etapak:
• Ekainak 11, larunbata. 1. etapa: Gradara – Argenta, 164,9 km. Irteera: 12:25 / Helmuga: 15:51-16:09
• Ekainak 12, igandea. 2. etapa: Rossano Veneto – Pinzolo, 168 km. Irteera: 12:05 / Helmuga: 15: 51-16:14
• Ekainak 13, astelehena. 3. etapa: Pinzolo – Santa Caterna Valfurva, 177,1 km. Irteera: 10:45 / Helmuga: 15:41-16:17
• Ekainak 14, asteartea. 4. etapa: Chiuoro – Chiavenna, 101,1 km. Irteera: 13:50 / Helmuga: 15:56-16:07
• Ekainak 15, asteazkena. Atsedena.
• Ekainak 16, osteguna. 5. etapa: busca – Peveragno, 146,6 km. Irteera: 12:35 / Helmuga: 15:50-16:09
• Ekainak 17, ostirala. 6. etapa: Boves – Colle Fauniera, 110,7 km. Irteera: 12:45 / Helmuga: 15:49-16:12
• Ekainak 18, larunbata. 7. etapa: Cuneo – Pinerolo, 121 km. Irteera: 12:55 / Helmuga: 15:26-15:40