Iraia Mendia lazkaotarra Munduko Txapelketatik urrats batera
Lazkaotarrak Gipuzkoako errekor berria ezarri du 3.000 metro oztopoetan, eta Munduko Txapelketa joatetik bost segundotara dago.
Txindoki atletismo taldeko Iraia Mendia lazkaotarrak Gipuzkoako errekor berria ezarri du, 3.000 metro oztopo lasterketan. Marka berria asteburuan La Nucian (Alacant) jokatu den emakumezkoen Ohorezko Mailako finalean lortu du, Atletico San Sebastian taldearen elastikoarekin. Mendiak, 13 segundoan hobetu du Sara Alonso donostiarrak 2019an egin zuen denbora; 10:26.27 egin du lazkaotarrak.
Mendiak berak adierazi duen moduan “proba berria” da beretzat, orain arte, beste modalitate batzuetan aritu baita lehiatzen, ez oztopo lasterketan. Hala izanda ere, eta aurreko txapelketetan lortutako denborak ikusita, azken honetan egindako denborarekin ez du sorpresarik hartu; “helburu horrekin atera nintzen, eta aurrekoetan baino azkarrago atera nintzen”. Nabarmendu du, proban parte hartu zuten beste atleten maila “oso altua” zela eta seigarren helmugaratu bazen ere “oso pozik” dagoela egindakoarekin eta maila hain altuko atleten artean lehiatzeagatik.
U20 Munduko Txapelketa
Atleta lazkaotarrak, Munduko Txapelketara joateko gutxieneko denbora lortu du World Atletics-en irizpideen arabera. 3.000 metro oztopoak proban parte hartzeko, 10:36.00ko denboran du ezarria gutxienekoa, World Atletics-ek. Dena den, Espainiako Federazioaren irizpidea beste bat da, eta horren arabera, bost segundotan hobetu beharko luke Mendiak asteburuan lortutako marka.
Beraz, Munduko Txapelketarako txartela lortzeko lanean jarraitu beharko du. Hala izanda ere, “lasai” dago, orain arteko marka “ontzeko lanean jarraituko” duela ziurtatu du, eta itxaropena du, “aurten ez bada, hurrengo batean lortuko” duelako.
Eskertza
Lazkaotarrak esker hitzak ere izan ditu: “Emaitza hauek talde lanaren emaitza dira, horregatik eskerrak eman nahi dizkiet hona iristeko babesa eta laguntza eman didaten denei, baina bereziki, nire aita eta nire entrenatzaile den Etor Mendiari, nire ama eta elikaduran aditua den Naroa Arrietari eta Kemen Kirol Osasun Zentroari”