Mayi Mujikak T3T lasterketa irabazi du
Tolosaldeko mendi maratoia irabazi du korrikalari urretxuarrak. T2T proban, Unai Dorronsorok hirugarren egin du.
Tolosaldeko T3T eta T2T probetan emaitza onak lortu dituzte mendi korrikalari goierritarrek. T3T maratoian (43 km), Mayi Mujika urretxuarra izan da azkarrena emakumezkoetan. 4:54:14ko denbora egin du. Nerea Amilibiak eta Aitziber Ibarbiak osatu dute podiuma.
Mujikak gustura hitz egin du probaren amaieran. “Ni nirea egitera etorri naiz. Ikusi nuen atzo neska gutxi geundela, baina ni hanketatik gaizki etorri naiz eta banuen beldur pixka bat. Probatzera etorri naiz eta egia esan oso gustura aritu naiz”. Ibilbidetik batez ere jaitsierak gustatu zaizkio: “Bide estuak zeuden, eta harria ez bazegoen lokatza zegoen. Entretenigarriak iruditu zaizkit, baina igoerek niretzako aldapa gutxi zuten, korrika asko egitekoak ziren, eta niri ez zati hori gehiegi komeni. Bestela oso polita iruditu zait, eta sentsazio onekin joan naizenez, disfrutatzen joan naiz”.
T2Tn, podiuma
Bi tontorretan ere, izan da podiuma zapaldu duen goierritarrik. Unai Dorronsoro beasaindarrak hirugarren postua lortu du, 2.14.33ko denbora eginda; Oier Ariznabarreta irabazleak baino zortzi minutu gehiago behar izan ditu 24,5 kilometroko ibilbidea osatzeko.