Plaka bat eskaini die Larrabetzuk Bizkargin hildako gudari gabiriarrei, senidetzearekin batera
Larunbatean omenaldia egin zieten 1937an borrokatutako eta hildako gudariei. Larrabetzu eta Gabiria udalerriak senidetu dira.
1936ko Gerran Bizkargiko batailetan hildako sei gudari gabiriarrek omenaldi-plaka bat daukate, larunbataz geroztik, Larrabetzu herrian (Bizkaia). “Bizkargin Euskal Herriaren askatasunaren alde hildako gudari gabiriarren omenez” dio lurrean kokatu duten metalezko plakak. Sei gudarien izen-abizenak ere agertzen dira: Luis Altzueta, Simon Altzueta, Joxe Apaolaza, Joxe Mari Gabiria, Ramon Igartzabal eta Jesus Izagirre.
Larunbatean omenaldia egin zieten Larrabetzuko Sarrikola parkean. Gabiriatik eramandako sagarrondo bat aldatu dute, eta haren oinetan jarri dute oroimen-plaka. Tropa frankistak herri hartan sartu zireneko 85. urteurrenean, ekitaldiak egin zituzten, eta tartean oroitu zituzten mendi haietan hildako sei gudari gabiriarrak. Senitartekoak eta Gabiriako udal ordezkariak ere bertan izan ziren. Ohorezko agurra eta bertso batzuk eskaini zizkieten.
Ekitaldiaren ondoren, Larrabetzuko udalbatzak batzarrean Gabiria eta Larrabetzu senidetzea onartu zuen. Gabiriako Udalak lehengo asteazkenean, ekainak 8, onartu zuen erabaki berbera.