Bero kolpeak Goierri astinduko du datozen egunetan
Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia eman du datozen egunetarako. Gaurko 35º arteko tenperaturak iragarri dituzte.
Bero kolpe zakarra iragarri dute datozen egunetarako, eta Goierrin ere tenperatura altuak iragarri dituzte. Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia eman du ostegunera arte. Beroaldia, ordea, asteburura arte luzatuko da. Gaurko 35º iragarri dituzte, eta datozen egunetan, baliteke termometroak 38º graduraino ere iristea.
Goizean euri tanta batzuk egin baditu ere, ez du freskatu, eta datozen orduetan tenperaturek gora egingo dute. Eguerdiko 14:00etatik 16:00etara bitartean espero dira daturik altuenak, 35º-ra artekoak. Iluntzean behera egingo badu ere, ez da askorik jaitsiko, eta gauerdian 19º-ren bueltan ibiliko da termometroa.
Bero kolpea gaur iritsiko bada ere, datozen egunetan goraka jarraituko dute. Bihar ere 35º-tara iritsiko da, eta etzi, 36º-raino. Euskalmetek hiru eguneko iragarpena eman badu ere, beste agentzia batzuen arabera, osteguna eta ostirala izan daitezke egunik okerrenak, 38º-rainoko tenperaturekin.
Bero kolpetik babesteko aholkuak
Horrelakoetan ohikoa den moduan, berotik babesteko hainbat aholku eman dituzte. Ahal den neurrian, eguerditik arratsalderako ordurik beroenetan kalean ibiltzea edo kirola egitea ekidin behar da, ondo hidratatu eta azukredun eta alkoholdun edariak ekidin. Etxe barruan, egunez leiho eta pertsianak ixteko gomendatu dute, eta etxea eguneko lehen edo azken orduetan aireztatu.