Gobernu taldeak gaztetxeko festa debekatu izana ukatu du
Gazte Asanbladak eskatutako materiala hartuta dagoela berretsi du. Probalekuko 55 aparkaleku eta frontoi ondoko hamabi ez uztea erabaki du, zerbitzuak bermatzeko
Joan zen astean dozenaka bizilagunek agerraldia egin zuten gaztetxearen aurrean, Urretxuko Udalak gaztetxearen 20. urteurrena ospatzea «debekatu» duela salatzeko. Urretxuko gobernu taldea (EAJ) ez dago ados bertan esandakoarekin eta idatzi bat igorri die komunikabideei. Dena dokumentatua dagoela dio, «inork ikusi nahiko balu».
Gobernu taldeak Gazte Asanbladak (UZGA) «Zumarragako jaiak direla eta» Ederrena frontoi ondoko aparkalekuan zortzi egunez txosna bat jartzea, 200 laguneko bazkaria egiteko zenbait material (mahaiak, aulkiak…) eta gaztetxearen urteurrena ospatzeko probalekuko aparkalekua eta frontoi ondokoa eskatu zituela dio. Azken horiek, lau egunez.
Gobernu taldeak ez duela urteroko bazkaria eta kontzertuak egiteko debekurik jarri, baina materiala hartuta zegoela dio. «Udalaren material eta instalazioak herritar eta kolektibo guztienak dira, eta aurretiaz eskatuta zeuden beste ekitaldi batzuetarako. Aparkalekuen inguruan, udalak udal zerbitzuak bermatu behar ditu. Hori dela eta, lau egun osoz probalekuko 55 aparkaleku eta frontoi ondoko beste hamabi plaza kentzeari ezezkoa eman zitzaion».
Kamera
Ez dutela gazteak kontrolatzeko asmorik azaldu dute. «UZGArekin egindako bilera bakarrean adierazi zitzaien Urretxuko Udalak ez duela euren jarduna kontrolatzeko asmorik, baizik eta auzoan bizikidetza lasai eta baketsua lortzeko asmoa. Azken aldian bizilagunen aldetik jasotako kexa eta salaketek ez dute euren mesedetan ezer handirik esaten. UZGAk kontrol horren adibide modura jartzen du kamera baten erabilera, baina behin baino gehiagotan argitu zaie Mugikortasun Jasangarriaren Plana egiten ari den enpresak jarritako neurgailu bat dela (beste hainbat tokitan ere jarri da), oinezkoen eta txirrindularien neurketa egiteko. Azalpenak eman arren, neurgailua kentzea erabaki zuten».
Gobernu taldearen ustez, gertutakoaren nondik norakoak ulertzeko, komenigarria da herritarrek ezagutzea Urolako geltokia zena UZGAri laga zitzaionean, lagapen hori mantentzeko ezarri ziren baldintzak. «2008an elkarteko ordezkariek eta orduko Urretxuko alkateak (Iñaki Zabalak) sinatu zuten hitzarmena. Bertan esaten denaren arabera, hitzarmenak jasotzen dituen baldintzak mantenduko dira baldin eta bertan ageri diren klausula guzti-guztiak betetzen baldin badira».
Bertan, materialari buruzko baldintzak zehazten dira. «Udalak interesgarria deritzo gazteen artean kultura eta aisialdi jarduerak sustatzeari, betiere beren baliabide materialek eskaintzen dioten aukeren barruan eta, betiere, material horiek lehentasunezkoak diren beste helburu batzuetarako beharrezkoak ez diren bitartean».
UZGAren ekitaldiak «integratzaileak eta irekiak» izan behar direla ere zehazten da. «Hau da, ez soilik Itaiak edo GKSk erabakitzen duten erabilerarako. Azken finean, gaztelekuak leku irekia izan behar du, ez pentsamendu politiko bakar bati atxikitutako gunea».
Baimenak eta ordutegia
Bestalde, gaztetxean kontzertuak egiteko, udalari baimena eskatu behar diote 15 egun lehenago eta horiek ezingo dira 24:00ak baino beranduago amaitu. «Udal gobernu honek ere bat egiten du bere garaian sinatutako hitzarmenak dioenarekin».
Gobernu taldeak UZGAk azken urteetan jasotako diru laguntzen berri ere eman du. «Pandemiaren aurretik, 2017tik 2019ra, urtero 23.500 euro jasotzen zituzten. Hiru urtetan 70.500 euro, alegia. Diru laguntza horiek dira UZGAri ematen zaizkionak herriko gazte guztientzako irekita dauden ekintzak antolatu ditzan, beraien hitzak erabiliz, inor baztertu edo zapaldu gabe».
Bukatzeko, herritar guztien interesak defendatu behar dituztela diote. «Udalak eraikin horrekiko duen ardura kontuan izanda, bermatu behar du sinatutako hitzarmena eta bertan idatzita dauden baldintzak beteko direla, asanbladako ordezkariek diotena diotela, eta horiek betetzeko neurriak hartu beharko balira, hartuko ditu. Udalak herritar guztion interesak babesteko lan egiten duelako».