Hitzarmena sinatu dute Ordiziako Udalak eta Landarlan Elkarteak
Maitane Alvarez alkateordeak adierazi duenez Ordiziako Udalak ingurumenarekiko duen konpromiso berresten da horrela. 'Zure platerean hasten da mundua' dokumentala emango dute gaur, herri antzokian.
Ordiziako Udalak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak hitzarmena sinatu zuten atzo. Maitane Alvarez udaleko alkateordea eta Jon Fontenla Landarlan Ingurumen Elkarteko ordezkariak sinatu zuten lankidetza hitzarmena.
Maitane Alvarezek adierazi zuenez Ordiziako udalak ingurumenarekiko duen «konpromisoa berresten» da horrela: «Ingurumenarekiko errespetua eta kontzientziazio lana bultzatzen duen Landarlan bezalako elkarteek egiten duten lana babesteko konpromisoa irmoa du Ordiziako Udalak». Hain juxtu, 1.500 euroko laguntza bideratuko du Udalak Landarlan elkartearentzat.
Jon Fontenla Landarlan elkarteko ordezkariak Ordiziako Udalari eskerrak eman zizkion «proiektuak aurrera eramatea ezinezkoa izango litzatekeelako bestela».
Dokumental emanaldia
Hitzarmenaren sinadura ekitaldia baliatu dute, gaur arratsaldean, Ordizian estreinatuko den Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren emanaldia iragartzeko eta herritar guztiei gonbita luzatzeko.
Landarlan elkartearen ekimenez, On Produkzioak ekoiztetxeak osatu duen dokumental honek, «kontsumo ereduak eta elikagaien ekoizpena» ditu hizpide eta «hausnarketarako» erreminta izateko helburuarekin sortu dute, pantaila handirako formatuan.
Duela hiru aste Hernanin egin zuten aurre-estreinua. Lehenengo kritikak jaso dituzte, «onak eta txarrak, denetarikoak», baina Landarlan elkarteko ordezkaria «oso gustura» dago emaitzarekin. Uste du «oso garrantzitsua dela horrelako gaiak gizarteratzea, hau da, elikaduraren atzean dagoena gizarteratzea, eta jaten dugun gauza bakoitzak zer nolako aztarna uzten duen, besteak beste».
Lan horren helburu nagusia da «gizarteari hausnarketarako espazio bat zabaltzea, hala, gaiaren inguruko kontzientzia sortzeko, kontsumitzaile kontzienteagoak izateko, erosketa egiterako garaian erositako produktuen atzean zer dagoen pentsatzeko,…» Hausnarketa hori zabaldu nahi dute, «mundu hobeago» baten bidean.
Ordiziako estreinaldia, Herri Antzokian egingo dute 19:00etan. Ondoren, solasaldia egingo dute. Biziolako kideek, dokumentalaren ekoizleek, eta Goierriko hainbat ekoizlek parte hartuko dute. Merienda txiki bat ere izango da.