Igerilekuak, prest
Goierriko bainu sasoia hasi da edo hastear da. Lazkaon eta Ordizian izan dira goiztiarrenak; Beasainen, gaur zabalduko dute igerilekua; eta gainerako herri gehienetan, datozen egunetan
Goierriko bainu sasoia hasi da edo hastear da. Jendeak eskertu du, beroa arintzeko aukera paregabea direlako. Gainera, aurtengoan igerilekuak legen zaharrean dabiltza martxa, pandemiari aurre egiteko neurri berezirik gabe.
Lazkao eta Ordizia |
Lazkaotarrak eta ordiziarrak izan ziren murgialdi bat egiteko aukera izan zuten lehenak. Larunbatean zabaldu zituzten instalazioak. Familia eta kuadrilla asko joan dira gaur arratsaldean.
Lazkaon eguneko sarrerak 5,55 eta 2,95 euro balio du, adinaren arabera. Bonuak ere badaude, hamar egunekoa eta denboraldi osokoa.
Bi herrietan igerilekuak irailaren 11ra arte egongo dira zabalik.
Beasain |
Beasainen gaur zabalduko dituzte Antzizargo aire libreko igerilekuak. Hiru hilabetez egongo dira zabalik, irailaren 15era arte, etenik gabe. Aurten txilarrezko itzalkiak aldatu dira eta berriak, ipini. Biblioteka zerbitzua ere izango da.
Abonatuak ez direnentzako eguneko sarrerak 11,50 euro balio du helduen kasuan eta 5,80 euro, haurrenean. Hileko bonuak, hiru hilabetekoak eta eperik gabeko matrikulak ere atera daitezke.
Idiazabal, Segura eta Urretxu |
Igerilekuen gehiengoa ostiralean zabalduko dute. Idiazabalen eta Seguran irailaren 11 arte egongo dira martxan. Urretxun, irailaren 4an itxiko da zerbitzua.
Igarondo igerilekuan eguneko sarrera garestiena 5 eurokoa izango da eta denboraldi osoko bonua, 50,75 eurokoa. Pagoetan, eguneko sarrera garestiena 5,50 eurokoa izango da eta epe ezberdinetako bonuak ere badaude. Halaber, aurten belardia aldatu eta handitu egin dute eta igerileku inguruan tratamendu irristgaitz bat aplikatu dute erorikoak ekiditeko.
Ormaiztegi |
Zubipe igerilekua asteartean zabalduko dute.
Olaberria |
Olaberriko igerilekua izango da berantiarrena. San Joan egunean hasiko dira martxan. Larunbatean ziren irekitzekoak baina astebete atzeratu dute estreinaldia. Itxiera data ere atzeratu egin dute. Irailaren 18an amaituko da bainu denboraldia.
Putzuak eta urtegiak |
Goierritar askok nahiago izaten dituzte putzu naturalak: Arkaka, Olaldeko presa… Hauetan soroslerik izaten ez denez, arreta zorroztu behar da. Halaber, urtegietan bainatzea debekatuta dago.
Legazpiko solariuma gaur zabaldu dute, irailaren 11ra arte.