Kaleratzeak Stopek mobilizazioak ekin ditu, Kutxabank negoziatzera eseri dadin
Beasaindar bat etxegabetzeko arriskuan dago, baina Kutxabankek akordioa berrikusteko eskariei entzungor egin die. "Ez dugu ezer inposatu nahi. Negoziatzeko besterik ez dugu eskatzen"
Etxegabetzeko arriskuan dagoen emakume beasaindar baten kasuak urtea beteko du epaitegietan datozen egunetan. Kasua blokeatuta dago, emakumeak Kutxabankekin hitzartutakoa bete ezin duelako eta bankuak negoziatzeari uko egin diolako. Goierriko Kaleratzeak Stop taldeak mobilizazioei ekin die, “egoerak behartuta”, Kutxabanki presio egin eta egoera ebazteko. “Ez dugu ezer inposatu nahi. Negoziatzeko besterik ez dugu eskatzen”, zehaztu dute taldetik.
Asteartero elkarretaratuko dira Kutxabankeko sukurtsalen atarian, “irtenbide duina negoziatu arte”. Gaur San Inazio kaleko egoitzan egin dute protesta, baina arazoa konpondu ezean inguruko herrietara lekualdatzeko asmoak iragarri dituzte. “Egoera kritikoa da eta denbora dexente pasa da. Sufrimendua luze gabe eten behar da, jasangaitza delako”.
Kutxabankek uztailean eraman zuen kasua auzitara. Etxegabetzeko arriskuan dagoen emakumeak Kaleratzeak Stop plataformara jo zuen orduan; urrian, Kutxabankek taldeari egoraren inguruko informazioa eskatu zion, “ordainpeko emate bat negoziatzeko”. Kaleratzeak Stopek lau bider bidali die eskatutako dokumentazioa, baina erantzunik ez dute jaso. “Ez dakigu zergatik. Azkeneko hartuemana azaroan izan genuen”, salatu dute. Laurogeitaka urtetako emakume bat da etxegabetzeko arriskuan dagoena. Beste bost laguni ere eragiten die, abal-emaile gisa. “Demoklesen ezpataren azpian daude”, laburbildu dute.
Txarrean, esperantza
Goierriko Kaleratzeak Stop plataformak hamar urte beteko ditu aurten. Esperantza mezua helarazi dute, urte guzti hauetan “beti” lortu dutelako bi aldeen arteko akordioren bat. Halere, ez dira horrekin konformatzen, arazoari errotik heldu behar zaiola baitiote. “Komunikabideetan atera ez arren, etxegabetzeak hor daude. Pandemia ostean goraldia nabaritu dugu”, ohartarazi dute. Bankuak geroz eta zorrotzagoak direla gaineratu dute. “Kutxabankeko ordezkariak aldatu egin dira azken urteetan. Berriekin ez dugu lehengoekin genuen harreman bera”.