Denboraldiari agurra, taldean
Ordizia KE futbol taldeak denboraldia agurtzeko festa berreskuratu du. Klubeko lehendakari izandakoak eta Luis Mari Gonzalez Txurruka 'Gontxu' omendu dituzte
Ordizia KE futbol taldeak denboraldi amaierako festa berreskuratu du, hala, bazkari eder batekin itxi dute 2021-2022 denboraldia. Kluba osatzen duten talde guztietako jokalariak eta entrenatzaileak eta zuzendaritza taldeko kideak elkartu ziren mahaiaren bueltan.
Ordizia KE futbol taldea osatzen duen komunitatearen ospakizun honetan, omenaldietarako tartea ere izan zen. Batetik, klubeko hainbat jokalarik egindako lana zoriontzeko garaikurrak banatu zituzten. Hala, aurten ere, kluba osatzen duten talde bakoitzeko —10 dira guztira—, hiru jokalariri aipamen berezia egin zieten; konpromisoa, goleatzailea eta elegantzia saritu zituzten. Bestalde, klubeko lehendakari ohiak omendu zituzten. Diploma bat banatu zieten. Fernando Arana, Juan Vicente Erauskin, Pedro Irastorza, Jesus Mari Lariz, Juantxo Guridi, Juanito Tolosa, Vicente Trujillo eta Jose Ramon Munduate izan dira omenduak.
Gainera, ospakizuna baliatu zuten, Ordizia KE-ko lehendakari berriak kargu hartzeko ere; Imanol Telleria izango da.
‘Gontxu’-ri omenaldia
Bada pertsona bat, aipamen berezi-berezia merezi duena Ordizia KE futbol taldearentzat, klubarekin izan duen konpromisoagatik, eta hori, Luis Mari Gonzalez Txurruka Gontxu da; 1962 urtetik du taldearekin lotura, bera izan da taldeko kronista ofiziala, Ordizian futbola sustatzeko lanean jardun du beti, zuzendaritza taldeko kide izandakoa da eta taldearen zale handienetako bat. Arrazoiak, beraz, soberan, klubaren aldetik eskertza eta omenaldi hau jasotzeko.