Eltziegora irteera egingo dute idiazabaldarrek larunbatean egun osorako
Senidetuta daude Eltziego eta Idiazabal eta urtean bi topaketa egin ohi dituzte. Azkena 2019ko ekainean izan zen, Eltziegon. Larunbat goizean, 08:30ean irtengo dira autobusez
Eltziego (Arabar Errioxa) eta Idiazabal senidetuta daude. Herrien arteko senidetza sustatzeko helburuz, Eltziegora egun osorako irteera eta egitaraua antolatu dute bi herrietako udalek, Hazi Fundazioaren laguntzarekin. Idiazabaldarrak bertara joango dira goizean eta iluntzean itzuliko dira. Urtero bi topaketa egin ohi dituzte, herri bakoitzean bana, baina COVID-19ak eragindako egoeragatik bi urte eman dituzte elkarretaratzerik ospatu gabe.
08:30ean irtengo da autobusa Idiazabaldik. Ordu eta 45 minutu inguruko bidaia da. 11:00etan hamaiketakoa egingo dute partaideek, eta 12:30ean herri kirolak izango dira idiazabaldarren eskutik. Ondoren, 13:30 aldera, Eltziegoko dantzak egingo dituzte eltziegotarrek, eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute denek elkarrekin plazan. Bazkalondoren, arratsalde partean, inguruan ohikoak diren upategietako bat bisitatuko dute.
2017tik senidetuta
Eguna amaitzeko, afaria egingo dute 21:30ean, eta 01:00etan autobusez itzuliko dira idiazabaldarrak. 18 urtez azpikoek heldu baten ardurapean joan beharko dute. Aurretik ere harremana bazuten arren, 2017an sinatu zuten Eltziegok eta Idiazabalek senidetze ofiziala. Urtean bitan elkartu ohi dira bi herrietako herritarrak. Azkeneko topaketak duela bi urte egin zituzten. 2019ko martxoan Idiazabalen elkartu ziren jai giroan: gaiteroak, dantzak, errioxar erara prestatutako patatak eta kontzertuak izan zituzten; ekainean, aldiz, Eltziegon elkartu ziren, larunbatean egingo duten moduan.
Izena emateko azken eguna, gaur
Senidetze festan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, eta gaur izango da azken eguna. Interesa dutenek 14:00ak baino lehen eman behar dute izena, liburutegian edo 662 427 403 zenbakian.
Kotxez joatea erabakitzen duten herritarrentzat ere derrigorrezkoa da izena ematea eta tiketa erostea.